Mundua -
Ekainean hasi ziren
Montzoi-euriak: 1.200 hildako baino gehiago India, Bangladesh eta Nepalen
India da kalte handiena jasaten ari den herrialdea, ia mila hildakorekin, ekainetik hona. Milioika kaltetu zenbatu dituzte hiru herrialdeetan, uholdeen eraginez.
agentziak | erredakzioa
1.200 pertsona baino gehiago hil eta milioika kaltetu dira Asiako Hego-ekialdeko montzoi-eurien ondorioz, kaltetutako herrialdeetako larrialdi taldeek emandako datuen arabera.
India da kalte handiena jasaten ari den herrialdea. Rajan Kumar Barne Ministerioko ordezkariak adierazi duenez, momentuz 850etik gora hildako daude, sei estatutan. Bihar eskualdean (ekialdean), 379 hildako daude, eta, Uttar Pradeshen, beste 88.
Gainera, euriteek urez bete dituzte laborantza-guneak, eta horren ondorioa izango da janari gutxiago izango dela, baina baita lan gutxiago ere, eskualde horretako sektore nagusienean. Hori dela eta, diru gutxiago izango dute biztanleek elikagaiak eskuratzeko, esan du Anirudh Kumar Patnako hondamendiak kudeatzeko zentroko kideak.
Kumarren esanetan, azken asteetan "bigarren uholde-aldi batek uda hasierako suntsipena zabaldu du". "Laguntza bideratu beharko dugu berehala, kaltetutako milioika pertsona laguntzeko", gaineratu du.
Nepalen, beste 150 pertsona hil dira eta 90.000 etxebizitza erabat txikituta geratu dira. Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi duenez, Himalayako azken hamar urteetako uholdeak izan dira aurten.
Bangladesh da montzoiak kolpatutako hirugarren herrialdea. Gutxienez 134 pertsona hil dira, eta 5,7 milioi kaltetu. Urek Bangladesheko lurraldeko heren bat baino gehiago hartu dute, itsasoaren mailan baitago. Gobernuaren arabera, laborantza-guneetako 10.583 hektarea galdu dira eta beste 600.587k kalteak izan dituzte.
"Ezin dut lur sail lehor bat bera ere ez topatu gune honetan", Matthew Marek Bangladeshko Gurutze eta Ilargi Gorriko buruaren hitzetan. "Nekazariak ezer barik geratu dira, edateko ura ere ez dute".
Montzoiak urtero kolpatzen ditu hiru herrialdeak, ekaina eta iraila artean, baina gizaldeko organizazioen arabera, aurtengoak azken urteetakoak baino latzagoak izaten ari dira, eragindako kaltetu, hildako eta ondorioengatik, etxebizitza zein laborantza-guneetan.