Mundua -
Frantzia
Langabezia murriztea xede duen lan kodearen erreforma aurkeztu du Macronek
Guztira, 36 neurri izango ditu irailean onartuko duten aldaketa horrek. Dena dela, sindikatuek "etsigarritzat" hartu dute erreforma hori.
Agentziak | Erredakzioa
Irailean dekretu bidez onartuko duen lan-kodearen erreforma aurkeztu du ostegun honetan Frantziako Gobernuak. Lan merkatua malgutzeaz gain, inbertitzaileak erakarri eta langabezia murriztea helburu dituen aldaketa hori Emmanuel Macron Frantziako presidentearen agintaldiaren neurririk garrantzitsuenetariko bat izango da.
Guztira, 36 neurri izango ditu erreforma horrek. Besteak beste, inbertitzaileei zuzendutako lan arloko neurriak malgutzea aurreikusten du, enpresek ekonomiaren gora-beheretara eta merkatuko aldaketetara azkarrago egokitzeko aukera izan dezaten.
Frantziako Gobernuak jakinarazi duenez, "bidegabeko" kaleratzeak mugatuko ditu auzitegiek emandako kalte-ordainetan. Era berean, enpresa batean lan egindako urte bakoitzeko % 20ko kalte-ordaina handitu egingo da (% 25era iritsi arte).
Era berean, enpresaren eta langileen arteko zuzeneko negoziazioen alde agertu da Frantziako Gobernua, bereziki 50 langile baino gutxiago dituzten enpresetan.
Zehazki, hilero batez beste 2.000 euroko soldata duen behargin bat hamar urtez lan egin ondoren kaleratzen badute, 4.000 euroko kalte-ordaina jaso beharrean 5.000 eurokoa jasoko luke.
Dena dela, sindikatuek "etsigarritzat" hartu dute lan kodearen erreforma hori. Gainera, CGT sindikatuak jakinarazi duenez, irailaren 12rako manifestazioa deitzeko duen asmoarekin aurrera jarraituko du.
Frantziak Europar Batasuneko bigarren ekonomia handiena du, baina % 9,5eko langabezia-tasa du, hau da, beste herrialdeen datua baino bikoitza. Arrazoi horregatik, 2022. urtera begira langabezia % 7ra murrizteko hitza eman du Macronek.