Mundua -

Lurrikara

Hiru eguneko dolua ezarri dute Mexikon, lurrikaran hildako 60 lagunengatik

Azken 100 urteetan izandako lurrikararik handiena izan da, eta ordudanik 459 erreplika sortu dira Mexikoko kostaldean. Erreplika gehiago izan daitezke.

Lurrikara Mexikon. Argazkia: EFE
Lurrikara Mexikon. Argazkia: EFE
Gutxienez 61 hil dira Mexikon, lurrikararen ondorioz

1:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mexikoko Gobernuak hiru eguneko dolua ezarri du, irailaren 7an Richter eskalan 8,2ko maila izandako lurrikararen ondorioz hildako 61 pertsonen omenez. Hala iragarri du larunbat honetan Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteak.

Kalte handienak jasan dituzten tokiak bisitatu ditu gaur Mexikoko buruzagiak.Ildo horretatik, Oaxaca estatuan bizitza galdutako 45 lagunetatik 36k Juchitan hirian hil zirela azaldu du.

Chiapasen hamabi pertsona hil dira eta Tabascon lau.Gauzak horrela, Chiapasen (lurrikararen epizentroa) eta Oaxacan larrialdi egoera ezarri du Gobernuak. Azken 100 urteetan izandako sismorik handiena dela esan du Peña Nietok.

Eskolak bertan behera gelditu dira hamaika estatutan, eta, guztira, 1.140 eskola kaltetu dira. Dena dela, Mexikoko presidenteak azaldu duenez soilik seik izan dituzte kalte material handiak, eta erortzeko arriskuan daude. Gainontzekoak kalte material txikiagoak jasan dituzte.

Bestalde, aurreikuspenen arabera, Katia urakana Veracruzera iritsiko da hurrengo orduetan. Arrazoi horregatik, herritarrei laguntza bidaltzeko agintariek neurriak hartu dituztela azaldu du Peña Nietok.

Mexikoko Sismologia Zerbitzu Nazionalak zabaldutako azken txostenaren arabera, 8,2 mailako lurrikara gertatu zenetik lurrak 459 aldiz egin du dar-dar Mexikoko kostaldean ostiralera arte. Erreplika handienak Richter eskalan 6,1eko indarra izan du.

Mexikon 23:49 zirenean astindu zuen lurra 8,2 graduko indarreko sismoak, Chiapasko kostaldea bereziki. Hurrengo 24 orduotan 7 mailako indarra baino gehiagoko erreplika handiak egon daitezkeela ohartarazi dute adituek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Mexiko Albisteak Latinoamerika Lurrikarak Hondamendi naturalek kaltetutakoak