Mundua -
Liskarrak Jerusalemen
Israelgo Polizia Meskiten Zelaigunean sartu da
Israelgo Poliziak palestinar bat tirokatu ostean hasi dira istiluak. Hildakoaren hileta-elizkizuna egin eta gero ehunka palestinarrek harriak bota dituzte Israeleko Poliziaren aurka.
Erredakzioa
Israelgo Polizia Meskiten Zelaigunean sartu da gaur, Jerusalemeko Hiri Zaharrean. Segurtasun indarren aurka harriak botatzen ari ziren palestinarrak gelditzeko helburuarekin zelaigunean sartu dira poliziak. Gaur goizean Israelgo Poliziak palestinar bat hil du Ekialdeko Jerusalemen, eta istiluak hasi dira.
Israelgo komunikabideek jakitera eman dutenez, Polizia musulmanen toki sakratuan sartu da. Hala ere, juduentzat ere leku sakratua da, baina Tenpluaren Mendia deitzen diote.
Dozenaka fededun Al Aqsako meskitan babestu dira eta Israelgo poliziek eraikuntza inguratu dute.
Palestinar bat tirokatu dute
Haaretz egunkariaren arabera, Israelgo Poliziak palestinar bat tirokatu ostean hasi dira istiluak Ekialdeko Jerusalemen, Silwanen. Hildakoaren hileta-elizkizuna egin eta gero ehunka palestinarrek harriak bota dituzte Israeleko Poliziaren aurka, eta gutxienez 10 agente zauritu dituzte.
Jeruslaem Post egunkariak jakinarazi duenez, mila bat lagun izan dira hildakoaren hiletan. Hileta-elizkizunean zehar liskarrak hasi dira eta autobusak, autoak eta Poliziaren zenbait ibilgailu erre dituzte.