Mundua -
Soslaia
Mono Jojoy, "terrorearen ikurra" FARCen
FARCeko buru militarra ostegun honetan hil du Kolonbiako Armadak. Gerrilak bere historia osoan jaso duen kolpe handiena izan da.
Erredakzioa
"Terrorearen ikurra". Horrela deskribatu zuen Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak Victor Julio Suarez Rojas Mono Jojoy, hau da, FARCeko buru militarra eta gerrilaren ''bigarrena'', Guillermo Leon Saenz Bargas Alfonso Cano buruzagiaren ostean.
Mono Jojoy ostegun honetan hil da, Kolonbiako Armadaren bonbardaketa batean. Gerrilak bere historia osoan jasotako kolpe handiena izan da, duela bi urte Luis Edgar Devia Silva Raul Reyes FARCeko ''bigarren'' ohia hil zutenean baino are inportanteagoa.
Komandante militar izanda, Mono Jojoyk aginduak ematen zizkien gerrilariei, eta nor bahitu eta zeri eraso erabakitzen zuen.
Odoltsu ospea zuen, azken bi urteetan barne, diabeteak jota eta sendagaiak lortzeko zailtasunak bazituen ere.
35 urte FARCen
Hainbat kontakizunen arabera, Julio Suarez Rojasen ama gerrilaria izan zen, eta bizitza osoa FARCen pasatu zuen. Dena dela, Kolonbiako inteligentzia zerbitzuek uste dute 1975ean sartu zela gerrilan, gerrilari arrunta izanda.
Lider naturala eta krudela zela oso goiz geratu zen argi, eta ondorioz, azkar egin zuen gora gerrilaren egituretan. Taldeetako komandante egin zen lehenengo, konpainiena ondoren, eta FARCetako buru militar azkenik. Azken pauso hori 1983an eman zuela uste dute inteligentzia zerbitzuek.