Mundua -
Heriotza zigorra
AEBek Teresa Lewis hil dute, 2005etik zigortu duten lehenengo emakumea
Herritar talde batek kanpaina egin zuen emakumea hil ez zezaten, presoak ezgaitasun psikikoa zuela argudiatuta.
Erredakzioa
AEBek Teresa Lewis presoa hil dute bart injekzioz Greensvilleko (Virginia) presondegian, 1912tik hil duten lehenengo emakumea kartzela horretan, herrialde osoan zigor hori jaso duen lehena bost urtetan.
Herritar talde batek errukia eskatzen zuen emakumea hil ez zezaten, presoak ezgaitasun psikikoa zuela argudiatuta, baina ez dute lortu presondegiko agintariek atzera egitea.
41 urteko emakumea Euskal Herrian 02:00ak zirenean hil dute, azken eguna leihorik gabeko ziega batean, emakumeek osatutako zaindari talde baten begiradapean, igaro du eta abokatuekin, seme-alabekin eta biloba batekin egon ahal izan du.
Azken afarian oilasko papar frijituak, ilarrak mantekilarekin, Dr Pepper soda eta txokolate tarta alemaniarra jan ditu, presondegiko funtzionarioen arabera.
Lewis heriotzaren korridorean egon da 2003tik, izan ere, bere burua errudun jo zuen bi gizon hiltzeko agindua emateagatik. Gizon horiek senarra eta semeordea ziren, Julian eta Charles Lewis.
Adimen-atzerapenetik gertu
Lewisen abokatuek ere adimen-atzerapenetik oso gertu zegoela argudiatzen zuten heriotza zigorra saihesteko, izan ere, adimen-kozientea 72 puntukoa zen, eta adimen-atzerapenaren muga legala 70ean dago. Hori horrela, hilketaren estrategia bururatzeko gai ez zela esaten zuten, eta hiltzaileen manipulazioan erori zela.
Robert McDoneel Virginiako gobernadoreak 4.000 inguru indultu gutun jaso ditu, gehienak osasun mentaleko taldeenak, baina baita Europar Batasuneko ordezkarienak eta John Grisham idazlearena ere. Auzitegi Gorena ere ez zuten konbentzitu, asteartean azken apelazioa ere atzera bota zuen eta.
Hiltzaileek biziarteko kartzela-zigorra jaso bazuten ere, akusazioak uste du emakumea izan zela krimena planeatu zuena senideen bizitza aseguruaren dirua eskuratzeko; hori dela eta, zigor gogorragoa merezi zuela uste zuten.
Lewisek damua erakutsi zuen hedabideen aurrean, eta azken urteetan Fluvannako emakume presoen aholkulari lanak egin zituen.