Mundua -
Bidaiari susmagarri batengatik
Ez dute lehergailurik topatu hegazkinean, Stockholmen
Kanadatik abiatu eta Pakistanerantz zihoan hegazkina, 273 bidaiarirekin. Bidaiari susmagarria atxilotu dute dagoeneko. Aire-zirkulazioa normaltasunez ari da.
Erredazkioa
Kanadatik Pakistanera 273 bidaiarirekin zihoan hegazkin batek lur hartu behar izan du Aslandako (Stockholm) aireportuan bonba abisu bat jaso ostean, Suediako Poliziak zabaldu duenez.
"Atxilotu dute", esan du Kjell Lindgren Poliziako bozeramaileak. Lindgrenek nabarmendu du susmagarria atxilotu dutela gainerako bidaiariak hegazkinetik ateratzen ari zirela.
Bertako agintariek lur hartzeko agindua eman diote hegazkinari 07:30ean (05:30 GMT), Kanadako Polizia hegazkineko pilotuarekin harremanetan jarri eta bidaiarietako batek soinean lehergailuren bat izan lezakeela jakinarazi ondoren.
Poliziak adierazi du hegazkin-gidariarekin harremanetan dagoela, hegazkinean lasaitasuna dela nagusi eta bidaiari susmagarriarekin hitz egiten saiatzen ari dela.
Bidaiariak segurtasun kontrol guztiak gainditu ditu eta ez da agertzen terrorismoarekin loturarik izan dezaketen susmagarrien zerrendan, aire-larrialdietako zerbitzu suediarraren bozeramaile batek jakinarazi duenez.
20 bat patruila eta lehergaietan adituak diren polizia ugari bertaratu dira, badaezpada. Gertaera honek ez du inolako eraginik izan aire-zirkulazioan, eta gainerako hegaldiak normaltasun osoz ari dira.