Mundua -
1999tik da presidentea
Chavezek bere boterea neurtuko du Venezuelako hauteskundeetan
Moratinosen esku-hartzeari esker, Venezuelako Gobernuak ez du Gustavo Aristegui kanporatuko. Venezuelan "askatasunen errepresio larria" zegoela adierazi zuen PPko diputatuak hausnarketa egunean.
Erredakzioa
17,7 milioi venezuelar deitu dituzte gaur, igandean, botoa ematera. Venezuelako Parlamentuko 167 kideak eta Hegoamerikako Parlamentuko 12 ordezkariak aukeratu behar dituzte.
Hugo Chavez Venezuelako presidenteak "iraultza bolivarianoa" norainokoa den neurtuko du Parlamenturako hauteskundeetan. Bere proiektu politikoaren etorkizuna bermatzeko Asanblada Nazionaleko aginteari eutsi nahi dio. Halaber, 2012ko hauteskundeetarako urratsak ematea helburu du lider sozialistak; izan ere, horiek irabaziz gero, beste sei urtez presidente izango litzateke.
"Igandean ''ahulei'' (oposiziokoak) egingo dieguna jakinaraziko dizuet: birrindu egingo ditugu. 2010 honetan norgehiagoka hau ederki irabazi behar dugu, 2011 badatorrelako eta 2012ari usaina hartzen diogulako", adierazi zuen Venezuelako agintariak ostegunean bere kanpainaren itxieran.
Chavezen estrategia honakoa izan da: ''ahulen'' itzulerak txiroei (herritarren % 60 baino gehiago dira txiroak Venezuelan) zuzendutako programen porrota eta garapen ekonomikoaren eta sozialaren atzerakada ekar dezakeela erakustea.
Chavezi aurre egiteko, oposizioak lehenengoz Batasun Demokratikoaren Mahaian indarrak bildu ditu. Hogeita hamar bat alderdi horiek agindu dutenez, jabego pribatua errespetatu, eztabaida handiena eragin duten Chavezen erreformak bertan behera utzi, gastu-publikoa kontrolatu, adierazpen askatasuna bermatu, eta segurtasun ezarekin amaitzeko legeak egiteko asmoa dute.
Zenbait inkestaren arabera, Chavezen aldekoen eta oposizioko koalizioaren berdinketa izan liteke, baina zantzu guztien arabera, presidentearen PSUV alderdiak gehiengoa lortuko du berriz, eta oposizioak Parlamentuko heren bat eskuratuko du.
1999tik da presidente Chavez. Ordutik 12 hauteskunde izan dira, eta lider sozialistak bakarra galdu du: 2007koa.
Aristeguiren kanporaketa atzera bota duteBestalde, Espainiako Kanpo Arazoetarako Ministerioaren iturriek Eferi jakinarazi diotenez, Venezuelako Gobernuak atzera bota du Gustavo de Aristegui PPko diputatuaren kanporaketa. Venezuelan "askatasunen errepresio larria" zegoela adierazi zuen Aristeguik hausnarketa egunean.
Iturri horien arabera, Moratinosek Nicolas Maduro bere homologo venezuelarrarekin hitz egin ondoren hartu du erabaki hori Chavezen Gobernuak.
Hugo Chavezen Gobernuarekin ditugun "desadostasun" politikoek "ez digute eragozten Venezuelako Konstituzioarekiko errespetu osoa izatea", adierazi du Aristeguik gaur Caracasen.
Gaurko gai-zerrenda mantenduko duela esan du diputatu ''popularrak'',. Horrenbestez, goizeko zortzietan "nazioarteko begirale" gisa aritzeko aurreikusitako hauteslekura joango dela azaldu du. Oposizioko Copei (demo-kristaua) alderdiaren gonbidatua da Aristegui.