Mundua -

Erreferenduma

Kurdistan independentea nahi duten erabakitzeko eguna dute kurduek

08:00etan zabaldu dituzte hauteslekuak. Irak, Turkia eta Iran autodeterminazio erreferendumaren kontra daude.

Emakume bat, bozkatzen. Argazkia: EFE
Erreferenduma Kurdistanen. EFE
Emakume bat, bozkatzen. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Nahi al duzu Kurdistango eskualdea eta hortik kanpo dauden eremu kurduak estatu independente bilakatzea?". Galdera horri "bai" ala "ez" erantzuteko bozkatzera daude deituta astelehen honetan 5,3 milioi kurdu.

Iraken menpeko Kurdistanen 08:00ak zirenean zabaldu dituzte hauteslekuak (05:00 GMT, 07:00ak Euskal Herrian), Bagdaden eta Erbilen (hiriburu kurdua) arteko tentsio beteko giroan, eta 18:00ak arte (15:00 GMT) dute botoa emateko aukera Iraken menpeko Kurdistan autonomoa osatzen duten lau probintzietan: Dohuk, Arbil, Sulaimaniya eta Halabja (3,2 milioi herritar), baita eskualdetik kanpo dauden eremu kurduetan ere (Kirkuk, Diyala eta Ninive, 1,9 milioi).

Atzerrian bizi diren kurduek irailaren 23an ekin zioten elektronikoki bozkatzeari, eta gaur dute azken eguna. Hauteskunde Batzordearen arabera, 150.000 kurduk bozkatuko dute atzerritik.

Masud Barzani Hego Kurdistango presidenteak 08:30 aldera bozkatu du (05:30 GMT).

MASUD BARZANI REFERENDUM KURDISTAN EFE

MASUD BARZANI REFERENDUM KURDISTAN EFE

Barzani, botoa ematen. EFE

Nazioarteko begirale talde zabala arituko da plebiszitua zaintzen. 136 ikuskatzaile taldeen baitan, bi euskal politikari daude: Jon Iñarritu EH Bilduko senataria eta Mikel Burzako EAJren Kanpo Harremanetarako arduraduna.

Emaitzak 24 eta 48 orduko epean emango dituzte ezagutzera.

Irak, Turkia eta Iran, kontra

Eskualdean giroa zeharo gaiztotuta dagoela heldu da erreferendumaren eguna. Irak, Turkia eta Iran erreferendumaren kontra azaldu dira hasieratik, eta legez kontrakoa dela azpimarratu dute. Azken bi horientzat aurrekari "arriskutsua" da erreferenduma, herrialde horietan bizi diren kurduen artean "lurrikara" eragingo ote duen beldur baitira. Teheran, gainera, Bagdaden agintean den gobernu xiitaren aliatu politikoa da. Israel, aldiz, alde agertu da.

Haidar al Abadi Irakeko lehen ministroak mugen eta aireportuen kontrola berehala emateko galdegin zion Kurdistango gobernu autonomoari.

Iranek aire eremua itxi zuen atzo, eta Turkiak Haburreko mugako postua itxi du, eta sarrera debekatu die lurralde autonomora sartu nahi duten ibilgailu guztiei.

Irak iparraldean dago Kurdistango eskualdea, de facto modu autonomo eta independentean jarduten du Irakeko gerra izan zenetik (1991) eta armada propioa du (Peshmerga). Turkian, Iranen eta Sirian ere badaude kurduak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Gaurko azken orduko albistea Turkia Iran Hauteskundeak gaur Zer gertatzen ari da Iraken? Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?