Mundua -
Heriotza-zigorra
Sakineh Ashtiani urkara zigortu du Iranek, senarra hiltzeagatik
Amnistia Internazionalaren arabera, Iran izan zen exekuzio gehien (346) agindu zituen herrialdea 2008an, eta bigarren postua Txinari dagokio.
Erredakzioa
Sakineh Mohammadi Ashtiani urkan hilko dutela iragarri du Gholam Hossein Mohseni Ejei Irango fiskal nagusiak. Ashtianiri harrikatze heriotza-zigorra ezarri zioten bere senarra hiltzea eta adulterioa egitea egotzita, baina azkenean hilketa karguaren epaia aplikatuko diote.
Horrela, 43 urteko Ashtianiri "heriotza-zigorra ezarri diote eta sententzia horrek lehentasuna izango du", Mohseni Ejeik azaldu duenez. Ondorioz, ez dute harrikatuko, Mehr albiste-agentziak jakitera eman duenez.
"Gai hau ez da politizatu behar", fiskalaren ahotan. Zentzu horretan, "mendebaldeko komunikabideek hasitako propaganda kanpainak" Irango Justizian eraginik izango ez duela azaldu du fiskalak.
Amnistia Internazionala
Amnistia Internazionalaren arabera, Iran izan zen exekuzio gehien (346) agindu zituen herrialdea 2008an, eta bigarren postua Txinari dagokio. Hilketa, adulterioa, bortxaketa, lapurreta, apostasia eta droga-trafikoagatik heriotza-zigorra ezar dezakete Iranen.
Bi gizonekin "legez kanpoko harremana" izateagatik zigortu zuten Ashtiani 2006an, eta 99 zigorrada jaso zituen. Ondoren, "ezkontzan adulterioa" egitea egotzi zioten eta harrikatuta hiltzera zigortu zuten.
Harrikatzea berriz aztertzea itxaropenez hartu zuen nazioarteak eta zigor bat besteagatik ordezka zezaketela iradoki zuten Irango komunikabideek.