Mundua -
Iruzkina
Chavezek irabazi egin du, baita galdu ere
Venezuelako presidenteak ez du arazorik izango gobernatzen jarraitzeko. Hori bai, orain ez du nahi duen guztiak egiterik izango.
Jesus Torquemada
Kuriosoa da garaipen elektoral bat zenbaitetan porrot moduan uler daitekeela. Venezuelan horixe ari da gertatzen. Alderdi Sozialista Batuak, Chavezen alderdiak, 165 eserlekutako Asanblea batean 95 eskuratu ditu; hau da, gehiengo absolutua baino 12 jarleku gehiago. Zenbat gobernuk nahiko lukete horrelako gehiengoaz baliatu!
Eta lege gehienak gehiengo absolutuz onartzen direnez gero, eserlekuen erdia gehi bat, Chavezek ez du arazorik izango gobernatzen jarraitzeko. Baina izango ditu arazoak bere erara agintzeko, hau da, nahi duen guztia egiteko. Oposizioak, Unitate Demokratikoaren mahaian bilduta, blokeo gutxiengo nahikoa lortu du lege organikoen, hau da, legerik garrantzitsuenen onespenak ekiditeko eta baita kargu inportanteenen izendapena saihesteko ere.
Azken bost urteetan, presidenteak nahi bezala egin eta desegin du, oposizioak aurreko hauteskunde legegileetara ez aurkeztean okerreko erabakia hartu zuelako. Baina ''Chavez zapaltzailea'' azkenetan da orain eta nabaria da, dagoeneko ez baitu ohiko harropuzkeria erakutsi eta bere jarraitzaileek, poza baino tristura handiagoa azaldu dute.
Bada Chavez kezkatu beharko lukeen datu bat: chavistek eserleku gehiago lortu dituzten arren, oposizioak botu gehiago batu ditu, %52 hain zuzen ere. Seinale txarra, bai horixe, 2012ko hauteskunde presidentzialei begira.