Mundua -

Venezuela

Chavezek dio 'oso garaipen garrantzitsua' lortu duela hauteskundeetan

PSUVren buruzagi eta presidenteak uste du "indar iraultzaileen garaipena" izan zela igandekoa eta desafio egin dio oposizioari bere agintaldiaren kontrako erreferenduma dei dezan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hugo Chavez Venezuelako presidenteak esan du "oso garaipen garrantzitsua" eskuratu zuela bere Alderdi Sozialista Batuak (PSUV) igandean izandako hauteskunde parlamentarioetan.

Bozen ostean egindako lehenengo agerraldian, Miraflores Jauregian, agintari venezuelarrak emaitza ofizialen berri eman du.

Chavezek zabaldutako datuen arabera, PSUVk botoen % 59,39 lortu zituen, eta herrialdeko 24 estatutatik 18tan irabazi zuen, Asanblea Nazionalean 98 diputatu eskuratuta. Batasun Demokratikoaren Mahaiak (MUD), berriz, 65 diputatu lortu ditu.

Venezuelako presidenteak onartu du PSUV ez dela "helburu gorenera" iritsi, Parlamentuko bi herenera alegia, baina azpimarratu du ganberako hiru bostenak (gehiengo kualifikatua) lortzeko diputatu baten faltan geratu dela.

Chavezek adierazi duenez, oposizioa "zenbakiak eta kopuruak manipulatzen ari da", izan ere, MUDekoak ez diren alderdien 500.000 boto lortu ditu. "Diputatuetan, botoetan eta barrutietan irabazi diegu (...) jarrai dezatela horrela irabazten", adierazi du ironia handiz. "Indar iraultzaileek oso garaipen garrantzitsua lortu zuten atzo (igandean)", gaineratu du.

Venezuelako presidenteak esan du hauteskundeetan agerian geratu dela bere blokearen sendotasuna, izan ere, PSUV inoiz ez omen ditu hainbeste diputatu lortu Asanblea Nazionalean eta "gehiengo absolutuz" irabazi duela gogorarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea