Mundua -
Tragedia
Hildakoak ehunka izan daitezke Oaxacan gertatutako luizian, Mexikon
Gutxienez zazpi lagun hil eta beste 100 desagertu dira mendixka bat behera etorri ostean, Santa Maria Tlahuitoltepec herrian (Mexikoko hegoaldean).
Erredakzioa
Mexiko hunkituta esnatu da gaur Santa Maria Tlahuitoltepecen, Oaxacako estatuan (Mexikoko hegoaldean), gertatutako luizian hildakoak ehunka izan daitezkeelako. Orain arte zazpi hildako baieztatu dituzte.
Gutxienez zazpi lagun hil eta beste 100 desagertu dira mendixka bat behera etorri ostean, Santa Maria Tlahuitoltepec herrian (Mexikoko hegoaldean), Oaxacako estatuko larrialdi zerbitzuek jakitera eman dutenez.
100-300 etxebizitza bitartean harrapatu ditu luiziak goizaldean, Santa Maria Tlahuitoltepec herriko Esquipula auzoan.
Soldaduak eta osasun eta larrialdi zerbitzuak bertaratu dira. Era berean, Mexikoko Gurutze Gorriko 35 kide eta hiru zakur bidali dituzte bilaketa eta erreskate lanetan laguntzeko.
15 anbulantzia ezbeharraren tokian daude bizirik atera diren lagunak artatzeko.
Santa Maria Tlahuitoltepec estatuko hiriburutik 300 kilometrora dago eta Mexiko hiritik ia 500 kilometrora. Herria Mixe eskualdean dago eta bizilagun gehienak indigenak dira. 9.000 biztanle ditu herriak.
Euri-jasak
Ulises Ruiz gobernadorearen arabera, luizia azken egunotan botatako euri-jasa indartsuengatik gertatu da.
Lehenengo albisteek 200 metrotako zati bat jausi dela eta 100 eta 300 etxebizitza inguru harrapatu dituela diote, adierazi du Ruizek. Gertakaria izan den tokian 500 eta 1.000 pertsona inguru bizi direla uste dute.