Mundua -
Polizien matxinada Ekuadorren
Armadak erreskatatu egin du Correa, tiroketa baten ostean
Polizia matxinoek atxikita zeukaten ospitale batean, baina soldaduek handik ateratzea lortu dute. Operazioan pertsona batzuk hil dira.
Erredakzioa
Ekuadorreko Armadak erreskatatu egin du gaur goizaldean Rafael Correa presidentea, matxinatu diren poliziek atxikita baitzeukaten ospitale batean. Soldaduek eta agenteek ordu erdiko tiroketa izan dute, eta ondorioz pertsona batzuk hil dira. Oraingoz, baina, ez dago argi zenbat. Barne Ministerioak lau aipatu ditu, eta Gurutze Gorriak hiru.
Correa gurpil-aulki batean atera dute ospitaletik, ezkutuak, kaskoak eta su-armak zituzten hainbat soldaduk babestuta. Ospitalean ebakuntza egin behar izan zioten hanka batean, poliziek eraso egin baitzioten. Horregatik gurpil-aulkia.
Armadak Gobernuaren egoitzara eraman du presidentea. Bertan, balkoira atera da eta plaza nagusian zeuden jarraitzaileei zuzendu zaie: "Ni salbatzeko anaia ekuadortarrak hil dira, inoiz espero izango ez nukeen egun tristea da gaurkoa, nire Gobernuak bizimodu ona ematea baino ez baitu nahi".
Correak izen-abizenak jarri dizkio polizien matxinadari: "[Erreboltan] Lucio Gutierrezen pertsonek hartu dute parte". Gutierrez Ekuadorreko presidentea izan zen 2003ko urtarriletik 2005eko apirilera, baina hark ukatu egin du gertatutakoan zerikusirik duela. "Une honetan Ekuadorren daukagun kaosaren errudun bakarra Gobernua da, gehiegikeriak egiten baititu, ustela baita eta Correa larderiatzailea baita", ziurtatu du.
Balkoitik, presidente demokratikoak eskertu egin du herritarrek eta nazioarteko buruzagiek erakutsitako babesa. Horien artean, Jose Luis Rodriguez Zapatero aipatu du.
Washingon Pesantez Estatuko fiskal nagusiak iragarri du ikertu egingo duela matxinada.
Poliziak kalera atera dira pizgarri batzuk kendu dizkietela salatzeko. Dena dela, egoera horren larria da, ezen Correak "Estatu kolpe saiakera" izan dela esan baituela, eta oposizioari egotzi dio.