Mundua -
40ko hamarkadan
AEBek barkamena eskatu diote Guatemalari sifilia kutsatzeagatik
Hillary Clintonen hitzetan, sexu bidez transmititzen diren gaixotasunak inokulatzeko esperimentuak "ez dira etikoak".
Erredakzioa
Hillary Clintonek onartu duenez, 40ko hamarkadan AEBek sexu bidez transmititzen diren gaixotasunak inokulatzeko esperimentuak egin zituzten Guatemalan, "etikoa" izan ez arren. Hori dela eta, AEBetako Estatu idazkariak barkamena eskatu dio Guatemalari bere Gobernuaren izanean.
Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak barkamena eskatu dio Guatemalari 1946 eta 1948 urteen artean herritarrei sifilia eta gonokozia inokulatzeagatik. Hori argitzeko, ikerketa abiatu dutela gaineratu du.
Kathleen Sabelius Osasun idazkariaren eta Clintonen hitzetan, Juan Jose Arevalo Bermejo (1945-1951) presidentearen agintaldian sexu bidez transmititzen diren gaixotasunak inokulatzeko esperimentuak egin izana "ez da etikoa".
Hori gertatu izana deitoratu dute eta esperimentu "gaitzesgarri" horien ondorioz kutsatu ziren guztiei barkamena eskatu diete.
AEBetako Osasun Zerbitzu Publikoak Harry S. Truman (1945-1953) presidentearen agintaldian egin zituen espemerimentuok. Sexu bidez transmititzen diren gaixotasunek epe luzera nolako garapena duten ikertu nahi izan zuten horrela, gaixoei tratamendua eman gabe.
Susan Reverby Wellesley Unibertsitateko ikertzailearen ikerketa bati esker izan da horren berri. Horren arabera, 696 pertsona kutsatu zituzten, gehienak, buruko gaixotasunen bat zuten gaixoak.
Ikertzailearen esanetan, prostituten bidez kutsatu zituzten herritarrak, baina ezin izan du jakin gaixoak sendatu ziren edo tratamendurik jaso zuten.