Mundua -

Suteak

Gutxienez 38 pertsona hil eta 55 zauritu dira Portugalen piztutako suteetan

4.000 suhiltzaile baino gehiago ari dira sugarrak kontrolatu nahian.

Gizon batek sugarrak itzali nahian, Tondelan (Portugal). EFE
Gizon batek sugarrak itzali nahian, Tondelan (Portugal). EFE
Gizon batek sugarrak itzali nahian, Tondelan (Portugal). EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken datuen arabera, gutxienez 38 pertsona hil dira Portugalen igandean piztutako suteetan, Patricia Gaspar Portugalgo Babes Zibileko bozeramaileak prentsaurrekoan jakitera eman duenez.

Bestalde, 55 lagun zauritu dira, eta horietatik 15 larri daude, horren esanetan.

Hala ere, hildakoen kopurua ez da behin betikoa, suhiltzaileek oraindik ikuskatu ez dituzten toki asko baitaude, Gasparreren arabera.

Hildakoak Coimbra, Guarda, Castelo Branco eta Viseu distrituetan izan dira. Guztira, 500 sute baino gehiago piztu dira igandetik Portugal erdigunean eta iparraldean.

Gasparren hitzetan, 145 sute daude piztuta oraindik.

4.127 suhiltzaile eta 1.289 ibilgailu baino gehiago ari dira lanean sugarrak kontrolatu nahian, herri asko oraindik arriskuan daudelako.

Egoera larriena Lousa (Coimbra) herrian izan da, baina herri gehiago daude arriskuan; Alcobaçan (Leiria) eta Cambran (Viseu) herrietan ere, egoera arriskutsua da.

Portugalen "alerta gorria" ezarri dute suteengatik, astelehen osorako behintzat; izan ere, meteorologia aurreikuspenen arabera, gauean tenperaturek behera egingo dute eta sugarrak kontrolatzea errazago izango da.

Orain dela lau hilabete Portugalek inoiz izandako suterik handiena izan zuen; 64 hildako eta 250 zauritu baino gehiago eragin zituen Pedrogao Grande udalerriko suteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Suteak gaur Gaurko titularrak Eguneko albisteak Lisboa azken ordukoa Hondamendi naturalek kaltetutakoak