Mundua -
Iruzkina
Ekimen pribatu gehiago Kuban
Erreforma ekonomiko berria Kuban. Hemendik aurrera, 178 lanpostutan autonomo gisa aritu ahalko dira herritarrak.
Jesus Torquemada
Autonomoen lana baimentzen duen arauketa berria ezarri zen atzo Kuban. Arau berriak norberak bere kabuz egin ditzakeen 178 lanpostu zehazten ditu. Honezkero ezagutzen ziren zenbait ekintza pribatuk gainera, tamainaz handitzeko aukera ere izango dute.
(“Ahosabai” izeneko) jatetxe pribatuen kasua da hori; orain mahai gehiago izateko aukera izango dute. Raul Castrok, presidentea denez geroztik, egingo duen erreformarik sakonena izango da. Aldaketa garrantzitsu baten hasiera izan daiteke, inola ere ez Txinan eta Vietnamen emandakoaren tamainako aldaketa, baina pisu handikoa, hori bai, Kubako ekonomia sozialistaren iniziatiba pribaturako.
Dirudienez, Fidelen babesarekin eta konbentzimenduz egin du Raulek erreforma hau, izan ere, Kubako ekonomiaren hutsuneak konpondu behar direla uste baitu.
Baina beharra ere badu presidenteak; martxora bitartean, herrialdean, milioi erdi langabe egotea espero baita. Horixe da, hain zuzen, deuseztatuta geratuko diren funtzionarioen lanpostu kopurua. Eta Gobernuak, bere aldetik, espero duena zera da, miloi erdi langabe horiek autonomo gisa aritzea.