Mundua -
Irak
Liskarrak izan dira Kirkuken Irakeko eta Kurdistango indar armatuen artean
Irailaren 25ean Erbil herrialdean egindako independentzia erreferenduma dela eta, tentsio uneak sortu dira bi herrien artean.
Agentziak | Erredakzioa
Irakeko eta Kurdistango indar armatuen arteko liskarrak izan dira ostiral honetan Kirkuk hiriko inguruetan. Irailaren 25ean Iraken barne dagoen Kurdistango Erbil herrialdeak independentzia erreferenduma egin eta gero, tentsio uneak sortu dira, eta liskarrak ere izan dira. Kirkuk hirian, gainera, petroliogune garrantzitsuak daude.
Segurtasun indarrek Reuters albiste agentziari jakinarazi diotenez, Kurdistango Gobernuaren tropen (peshmergak) eta Haider al Abadiren Gobernuko tropen arteko erasoak izan dira Kirkuk iparraldetik 35 kilometrora, Erbil herrialderantz doan errepide batean.
Irakeko lehen ministroak peshmerga guztiak Irakeko lurraldetik (Kirkuk barne) kanporatzeko agindua eman die indar armatuei, baina Kirkukek Erbilgo herri galdeketan parte hartzea erabaki zuen, eta bi herriak lehian daude hiria gobernatzeko.
Aste honetan bertan, Irakeko militarrek atzera bota egin dituzte tropa kurduak Kirkuken eta hori dela eta, 100.000 kurduk ihes egin dute, errepresalien beldur.
Azken egun hauetan, berriz, noizbehinkako borrokaldiak izan dira tropa bien artean; ondorioz, 80 peshmerga baino gehiago hil eta 160 zauritu dira, News Irakeko albiste agentziak medikuen iturriak aipatuz emandako datuen arabera.
Irakek legez kontrakotzat jo du independentziaren alde Erbilen egindako erreferenduma, eta, hortaz, legitimotasuna kentzeko eskatu dio Kurdistango Gobernuari, elkarrizketa bidea abiatu ahal izateko eta gerra zibila saihesteko.