Mundua -

Errudun jo dute

Societe Generaleri 4.900 milioiko galera eragin zion gizona, zigortuta

Jerome Kervieli, banketxe frantziarraren merkatu operadoreari, hiru urteko kartzela-zigorra ezarri diote eta eragindako galera ordaintzera behartu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pariseko Auzitegi Korrekzionalak hiru urteko kartzela-zigorra eta 4.900 milioi euroko kalte-ordaina ezarri dio Jerome Kervieli, Societe Generale banku frantziarrari 2008an milioika euroko galerak eragin zizkion merkatu operadoreari.

Auzitegiak, berez, bost urteko kartzela-zigorra ezarri dio Kervieli (baina horietako bi ez ditu nahitaez bete behar) eta milioikako kalte-ordaina ematera behartu du sistema informatikaoren informazioa faltsutzearen errudun bakarra delakoan.

"Defentsak erakutsitako frogek ez dute agerian uzten Societe Generalek Jerome Kervielen delituen berri zuela", adierazi du Auzitegiko presidenteak.

Kervielek "eskumenen mugak gainditu zituen banketxeari jakinarazi gabe operazio espekulatibo erraldoiak eginez”" epailearen esanetan.

Epaileak "biktima" papera jokatzea leporatu dio operadore ohiari. Izan ere, albistearen berri jakin zenean, Kervielek jarrera hori izatera behartzen zuen sistema baten "biktima" zela esaten zuen, finantza erakundeen sinesgarritasunari kalte eginez.

Kervielek duen soldatarekin, 16.600 urte beharko lituzke kalte-ordaina ordaintzeko, eta ebazpenaren kontrako helegitea jarriko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea