Mundua -

Afganistango gerra

Gobernua eta talibanak, gerra amaitzeko negoziatzen

Hain zuzen ere, talibanak Gobernuan sartzea eta AEBetako eta NATOko soldaduek herrialdetik alde egitea ekarriko lukeen akordio bat negoziatzen ari dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Afganistango Gobernuak eta talibanek bake-negoziazio sekretuak abiatu dituzte, gerrari amaiera ematen saiatzeko, hainbat iturri aipatuta The Washington Post egunkari estatubatuarrak jakinarazi duenez.

Bozeramaile ofizial batek baieztatu egin du talibanekin "hartu-emanak" izan dituztela, baina ez du eman beste zehaztasunik.

Duela urtebete Saudi Arabian porrot egin zuten negoziazioen jarraipena izango lirateke egungo elkarrizketak.

Negoziazioen berri duen iturri baten arabera, talibanak "oso serio" agertu dira gatazkari irtenbide baketsua emateko konpromisoarekin. Quetta Shura erakundeko (egoitza Pakistanen duten taliban afganiarrak) buruek jarrera aldatu dute eta orain negoziatzeko prest daude, matxino erradikalenek haien kontroletik ihes egin eta "baztertuta" geratzen ari direla uste baitute, betiere aipatu iturrien esanetan.

Balizko bake-prozesuan edo horren antolakuntzan parte hartzen ari diren sei pertsonak The Washington Post egunkariari ziurtatu diotenez, talibanak Gobernuan sartzea eta AEBetako eta NATOko soldaduek herrialdetik alde egitea ekarriko lukeen akordio bat negoziatzen ari dira bi aldeak.

Nolanahi ere, argi utzi dute oraingoz atariko negoziazioak baino ez direla, eta kezka agertu dute, prozesuaren egoerari buruzko informazio zehatza ematea kaltegarri izan bailiteke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea