Mundua -
Saria
Venezuelako oposizioak 2017ko Sarajov saria eskuratu du
Europako Parlamentuko alderdi politikoek ostegun honetan bozkatu dute Adierazpen Askatasunaren Sarajov saria.
Agentziak | Erredakzioa
Venezuelako oposizioari eman diote Eurokamarako alderdi politikoek 2017ko Adierazpen Askatasunaren Sarajov saria. Asanblea Nazionala eta bere presidentea, zein Leopoldo Lopez, Antonio Ledezma, Daniel Ceballos, Yon Goicoechea, Lorent Saleh, Alfredo Ramos eta Andrea Gonzalez preso politikoak dira Venezuelako oposizioaren ordezkariak.
"Venezuelako oposizio demokratikoa eta preso politikoak dira 2017ko Sarajov saridunak", adierazi du Guy Verhofstadt Belgikako lehen ministro ohiak Twitterren.
Guatemalako Aura Lolita Chavez Ixcaquic Giza Eskubideen babeslea eta Eritreako Dawit Isaak dramagilea izan dira beste bi finalistak.
Sari banaketa abenduaren 13an egingo dute, Estrasburgoko (Frantzia) osoko bilkuran, baina oraindik ez dakite nork jasoko duen saria Venezuelako oposizioaren ordezkari gisa. Saria 50.000 eurokoa da.
1998tik banatzen ditu Europako Parlamentuak Sarajov sariak, demokraziaren eta Giza Eskubideen alde egin dutenen artean. Andrej Sarajov lehen sarituaren omenez hartu zuten izena. Sarajov Sobietar Batasuneko fisiko nuklear eta disidente politikoa izan zen.
Nadia Murad eta Lamiya Aji Baxar Yasaden jarraitzaile eta aktibistek irabazi zuten iaz Europako Parlamentuko Sarajov saria, kontzientzia askatasuna bultzatzeko. Estatu Islamikoak bahitu eta horren sexu-esklaboak izan ziren Iraken.