Mundua -

SALAKETA

Neska bati abusuak egin izana egotzi diote AEBko Senaturako hautagai bati

Roy Moore hautagai ultraeskuindarrari egotzitako gertakariak duela ia 40 urte gertatu ziren, 1979an, eta salatzaileak 14 urte zituen orduan.

Argazkia: Judge Roy Moore to Senate.
Argazkia: Judge Roy Moore to Senate.
Argazkia: Judge Roy Moore to Senate.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetako Senatuan aulki bat lortu nahi duen hautagai errepublikano bati duela ia 40 urte 14 urteko neska bati sexu-abusuak egin izana egotzi diote. Hori dela eta, alderdiko hainbat agintarik hautagaitza bertan behera uzteko eskatu diote Roy Moore hautagaiari.

Ultraeskuindarra da Moore, eta abenduaren 12an Alabaman egingo dituzten hauteskunde berezietarako faboritoa da. Hauteskunde horietan zehaztuko da nork hartuko duen Senatuan Jeff Sessionsek urtearen hasieran libre utzi zuen aulkia, Donald Trumpen Gobernuan Justizia idazkariaren kargua hartu zuenean.

The Washington Post egunkariak ostegunean jakitera eman zuenez, Leigh Corfman izeneko 53 urteko emakume batek salatutakoaren arabera, 1979an egin zizkion abusuak, berak 14 urte eta Moorek 32 zituztenean.

Corfmanen hitzetan, Moore epaitegi batean ezagutu zuen, bera amaren zain zegoela, eta bi topaketa desegoki izan zituen berarekin. Moorek musu eman zion, ukituak egin zizkion azpiko arroparen gainetik, eta ukituak eginarazi zizkion, baina ez zen koitorik izan, horren esanetan.

Egunkariak elkarrizketatutako beste hiru emakumek ere esan dute Moore eurak seduzitzen saiatu zela, 16 eta 18 urte bitartean zituztenean (Moorek 30 bat urte zituen garai hartan). Eurekin, baina, ez zela sexu-harremanak izaten ahalegindu esan dute.

Salaketa horiei buruz galdetuta, akusazioak "guztiz faltsuak" direla erantzun du hautagai errepublikanoak (egun 70 urte ditu). "Alderdi Demokrataren eta The Washington Post egunkariaren halabeharrezko ahalegina da, nire kanpainari erasotzea helburu duena", gaineratu du.

Dena den, Donald Trump AEBko presidenteak eta hainbat senatari errepublikano ospetsuk dagoeneko hitz egin dute gai horri buruz, The Washington Post egunkariak albiste hori kaleratu ondoren: "Presidentearen iritziz, akusazio horiek benetakoak badira, Moorek bertan behera utzi beharko luke hautagaitza", esan du Sarah Sanders Etxe Zuriko bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Indarkeria matxista gaur Ameriketako Estatu Batuak Delituak azken ordukoa Gaurko azken orduko albistea Donald Trump albisteak