Mundua -

Bisita Libanora

Hizbularen erresistentzia goraipatu du Ahmadineyadek

"Sionisten desagerpena" iragarri du Irango presidenteak. Ahmadineyad "kontrolik gabeko piromano itsutu" bat dela adierazi du Israelek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hizbula talde xiitaren erresistentzia goraipatu du Mahmud Ahmadineyad Irango presidenteak, "sionisten porrot mingotsa" lortu duelako. Bint Jbeilen, Israelgo mugatik gertu, egin ditu adierazpenak Irango agintariak ekitaldi jendetsu batean.

Libanora egiten ari den bisita ofizialeko bigarren egunean, Ahmadineyad beste ekitaldi jendetsu batean izan da berriro Israelgo mugatik hurbil. Bint Jbeil 2006ko gerran bonbardatu eta Irango diruarekin berreraiki zuten.

Matxinoen odolari esker "ezin izango dituzte garaitu", Irango buruzagiaren ahotan. "Erresistentzia adibide bat bilakatu da eskualdean eta munduan", erantsi du. "Irango herria zuen ondoan izango da beti", gaineratu du agintariak txalo artean.

Herrialdeko hegoaldea bisitatu du Ahmadineyadek, 22 urteko okupazioaren ostean 2000ko maiatzean bertatik atzera egin zuen Israelek. "Sionisten desagerpena" iragarri du Irango buruzagiak bertan.

Israelen erreakzioa

Bestalde, Ahmadineyadek "sionisten desagerpenari" buruz esandakoa "kontrolik gabeko piromano itsutu baten hitzak" direla adierazi du Israelek.

"Bolbora xehe gisa ez gaitu erabiliko", azpimarratu du Igal Palmor Israeleko Atzerri Ministerioko bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea