Mundua -
Hollywood
John Lasseterrek Pixar utzi du aldi baterako, abusuak egin izana egotzi ostean
Pixar konpainiako langile batek adierazi zuenez, 'ezaugarri fisikoei buruzko iritziak emateaz gain, musukatzeagatik eta ukituak egiteagatik' zen ezaguna animazio munduan.
Agentziak | Erredakzioa
John Lasseter Pixar eta Walt Disney Animation Studios konpainietako sormen arduradunak lana utzi du sei hilabetez, hainbat langilerekin tokiz kanpoko jokabideak izan eta gehiegikeriak egin zituela onartu ostean, The Hollywood Reporter hedabideak zabaldu duenez.
"Barkamena eskatzen dut, huts egin baldin badut. Batez ere, nahi ez zuen besarkadaren edo keinuren bat jasan duenari eskatu nahi diot barkamena", esan du Lasseterrek langileei idatzitako ohar batean.
Pixar etxeko gidarietako bat izateagatik da ezaguna Lasseter, besteak beste, Toy Story (1995), A Bug's Life (1998), Toy Story 2 (1999), Cars (2006) eta Cars 2 (2011) filmak zuzendu baititu.
The Hollywood Reporter komunikabidea Lassenterrek egindako ustezko botere-gehiegikeriak salatzen dituen erreportaje bat prestatzen ari zenean eman dute horren berri.
Pixar konpainiako langile baten esanetan, "ezaugarri fisikoei buruzko iritziak emateaz gain, musukatzeagatik eta ukituak egiteagatik" zen ezaguna animazio munduan.
Horrez gain, erreportajearen arabera, Rashida Jones aktore eta gidoigileak eta Will McCormackek Toy Story 4 pelikularen proiektua bertan behera utzi zuten, ustez Lasseter Jonesengana hurbildu zelako, aktorearen baimenik gabe.