Mundua -
Mugaberen dimisioa
Mnangagwak 'demokrazia berria' hitzeman die Zimbabweko herritarrei
Presidenteorde kargutik kendu eta bi ordura bera hiltzeko planak zeudela berretsi du.
agentziak | erredakzioa
Emmerson Mnangagwa presidenteorde ohiak, Robert Mugabe presidentearen kargua behin behinean hartuko duenak, jarraitzaileei esan die "demokrazia berri baten hasieraren aurrean" daudela.
Aginduan dagoen alderdiak (ZANU-PF) behin behineko presidente izendatu osteko lehenengo hitzaldian, eskerrak eman ditu herritarrek egunotan erakutsitako "diziplina eta bakezaletasunagatik". Hori horrela, "hazkunde ekonomikoa, bakea eta lana" hitzeman ditu.
"Eskualdean, Afrikan eta kontinentetik kanpo ditugun lagunen babesarekin eta elkarlanarekin, gure ekonomiak gora egitea lortuko dugu", adierazi du herrialdearen egoera ekonomikoari erreferentzia eginez. 2008ko hiperinflazioagatik moneta bera ere galdu zuen Zimbabwek.
"Zuen zerbitzura egoteko konpromisoa hartzen dut", azpimarratu du Mnangagwak, "inor ez dela inor baino gehiago izango" hitzeman aurretik.
Presidenteordea ostiralean izendatuko dute estatuburu ofizialki, eta esan du orain arte izandako harremanetan, Jacob Zuma Hegoafrikako presidentearekin adibidez, Zimbabweko herritarren jarrera txalotu dutela.
75 urteko politikariak Armadari ere eman dizkio eskerrak "prozesua modu baketsuan kudeatzeagatik", eta Mugabe erori arteko egunetan Armadako goi agintariekin "etengabeko harremanean" egon dela jakinarazi du.
Presidenteorde kargutik kendu eta bi ordura bera hiltzeko planak zeudela berretsi du. ZANU-PF alderdiaren barruan G40 gisa ezagutzen den fakzioak behartu zuen kargugabetzea, Grace Mugabe berez senarraren oinordeko izan behar zenaren aurkako estrategia zuelako. Kargugabetu ostean Hegoafrikan erbesteratu zen bi astez.
93 urteko Mugabek atzo eman zuen dimisioa, 37 urteko agintaldiaren ostean, alderdiaren eta Armadaren babesa galdu eta gero.