Mundua -
Protestak Frantzian
Frantziako Gobernuak petrolio biltegiak indarra erabiliz irekiko ditu
François Fillon lehen ministroak pentsioen erreformak aurrera egingo duela adierazi du eta greba egiten ari direnei herria ez dutela geldiaraziko ohartarazi die.
Erredakzioa
Brice Hortefeux Frantziako Barne ministroak, sindikalistek findegiak blokeatzen jarraitzen badute, petrolio biltegiak indarra erabiliz irekiko dituztela adierazi du. Blokeoak pentsioen erreformaren kontrako protesten artean daude, Frantziako Gobernuak lana uzteko adina 60 urtetik 62ra atzeko asmoa baitauka.
Hortefeuxek esandakoaren arabera, ez dago erregai barik geratzeko arriskurik, izan ere, biltegi batzuk berriro irekitzea lortu dute "arazorik gabe".
Ministroak, greba dela eta, hamabi findegi blokeatuta egoten jarraitzen dutela onartu du baina Frantziak egoera berezietan erabiltzeko erreserbak dauzka.
Frantziako agintariek erregaiak bermatzeko duten asmo sendoa argi geratu da igandean Grandpuits findegiko langile batzuk lantokia irekitzeko mehatxupean deitu dituztenean.
Ekintza horrek sindikalisten haserrea piztu du eta findegiko sarreran barrikadak jarri dituzte. Tentsioa nabarmena da bertan eta segurtasun indarrak egoera kontrolatu nahian daude.
Fillón: ''Ez dute Frantzia gelditzea lortuko''
François Fillon Frantziako lehen ministroak, bestalde, pentsioen erreformak "aurrera" egingo duela adierazi du, eta aurreikusitakoa betetzen bada, senadoreek asteazkenean bozkatuko dutela.
Aurreko egunean, asteartean, mobilizazio jardunaldia izango da, hamargarrena, eta sektore trenak eta findegiak bezalako sektore estrategikoetan mugagabeko lanuzteak izango dira.
Honen harira, Fillonek protestek herria ez dutela geldituko ziurtatu eta gasolindegietan erregairik ez dela faltako azpimarratu du.