Mundua -

Atentatua

Gutxienez 305 lagun hil dira Egiptoko atentatuan

Iturri ofizialek adierazi dutenez, terroristek (25-30 lagunek osatutako talde bat zen) Estatu Islamikoaren banderak zeramatzaten, erasoa egin zutenean.

Meskita honetan egin zuten atentatua. Argazkia: EFE.
Meskita honetan egin zuten atentatua. Argazkia: EFE.
Meskitaren aurkako erasoak 300 hildako baino gehiago eragin ditu Egipton

1:15

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbat eguerdian zabaldutako datuen arabera, gutxienez 305 lagun hil dira Egipton, ostiralean Iparralde Sinai probintziako meskita batean egindako atentatuan; gainera, iturri ofizialek azaldu dutenez, terroristek (25-30 lagunek osatutako talde bat zen) Estatu Islamikoaren banderak zeramatzaten, erasoa gauzatu zutenean.

Dolu nazionaleko hiru egun izango ditu herrialdeak, larunbat honetatik aurrera, atentatuagatik. Erasoa Iparraldeko Sinai probintzian egin zuten, eta sufiak egoten ohi dira erasoa jasan duen meskitan. Herrialdeko historian, azken hamarkadetan behintzat, atentatu terroristarik larriena da.

Egiptoko Indar Armatuak gauean hasi dira kokagune terroristak bonbardatzen, eta "eraso terroristan erabilitako zenbait ibilgailu" suntsitu dituzte. Al Rauda meskitan gauzatu zuten atentatua, Bear al Abden, Al Arish hiriko mendebaldean (Iparraldeko Sinaiko hiriburua da).

"Al Raudako fededunei eraso zieten elementu terroristen aurkako operazioan, gure hegazkinek hainbat kokaleku terrorista izan dituzte jomuga, eta hainbat ibilgailu suntsitu; horien barruan zeudenak hil dituzte"; hala esan du agiri batean Tamer al Rifai Indar Armatuen bozeramaileak.

Lehergailuak

Sinaiko Tribuen Batasunak agiri batean azaldu duenez, terroristek meskitaren ateak itxi zituzten, "eta otoitz egiten ari ziren guztiak hil zituzten"; gerora, anbulantziak iritsi zirenean, "ezkutuan zeuden terrorista batzuk tirokatzen hasi ziren, eta ihes egin zuten".

Segurtasun-iturri batek Eferi esan dionez, erasotzaileek lehergailuak jarri zituzten meskitaren inguruan; sufiak joaten dira bertara, eta ostiraleko otoitza amaituta irten zirela leherrarazi zituzten. Ostirala egun sakratua da musulmanentzat.

Leherketen ostean, terroristak tirokatzen hasi ziren, iturriaren esanetan; horrek baieztatzen du bertaratu ziren lehen anbulantziei ere eraso zietela.

Atentatuaren ostean, Abdelfatah Al Sisi Egiptoko presidenteak hitzeman zuen, telebistan, Indar Armatuek eta Poliziek "mendekua" hartuko dutela "gure seme-alaben alde, eta egonkortasuna berreskuratzeko; eraso honi indar oso handiz erantzungo diogu".

Estatu Islamikoa Egipton dago

Iparraldeko Sinai probintzian 2014tik dago deituta larrialdi-egoera; izan ere, Wilayat Sina taldea dago bertan, alegia, Estatu Islamikoak Egipton duen adarra. Azken urteotan herrialdean izandako atentatu gehienak talde horrek eragin ditu.

Agintariek etxeratze-agindua ezarri dute, eta blokeo informatiboa ere badago; tokiko eta nazioarteko komunikabideek ez dute aukerarik meskitatik gertura hurbiltzeko.

Aurreko abendutik, hainbat atentatu izan dira Egipton, kristau koptoen aurka; herrialdea larrialdi-egoeran dago apiriletik, Niloren deltako bi eliza koptoren aurkako erasoengatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Atentatuak albisteak Albisteak Egiptoko albisteak Ekialde Hurbileko albisteak