Mundua -
BELDURRA LONDRESEN
Bi gizonen arteko liskarra egon daiteke Oxford Circusen bizitako larrialdiaren atzean
Metro geltoki horretan tiroketa izaten ari zela jakinarazi zioten Poliziari eta hark inguruak hustu zituen, baina ez zuten inongo tiroketaren arrastorik aurkitu. 16 lagun zauritu ziren ihes egitean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Britainia Handiko Garraio Poliziak jakitera eman duenez, bi gizonen arteko liskarra egon daiteke atzo, ostirala, Londresko Oxford Circus metroa geltokian bizi izan zen izu egoeraren atzean.
Ustezko eraso terrorista batetik ihesian, 16 lagun zauritu ziren. Horietako 8 ospitaleetan artatu behar izan zituzten zauri arinegatik, eta beste batek zauri larriagoa izan zuen hankan.
Metroan tiroketa bat gertatzen ari zela zioten hainbat dei jaso zituen Poliziak 16:38 aldera, eta horren aurrean, geltokia hustu eta jendeari inguruan zeuden eraikinetan gordetzeko eskatu zioten. Izua zabaldu zen eta korrika, ihesean, hainbat lagun zauritu ziren.
Haatik, agenteek ez zuten inolako tiroketa arrastorik topatu eta alerta piztu zenetik ordu eta erdira, arazoa amaitutzat eman zuten.
Segurtasun kamerak aztertu ondoren, Poliziak bi lagunen argazkiak zabaldu ditu. Antza, bi gizon horiek liskarren bat izan zutela nasan pentsatzen dute, eta hortik abiatu zela alarma. Euren bila ari dira.