Mundua -
Argentina
Indartu egin dituzte 'ARA San Juan' urpeko ontzia bilatzeko lanak
44 tripulatzaileak bizirik eta "egoera oso larrian" egon daitezkeela uste du Argentinako armadak.
Agentziak | Erredakzioa
Eguraldia oso txarra izan arren, Argentinan ez dute etsi, eta azken orduotan indartu egin dituzte orain dela 12 egun desagertu zen ARA San Juan urpeko ontzia bilatzeko lanak.
Barruan zihoazenak bizirik eta "egoera oso larrian" egon daitezkeela diote Argentinako armada arduradunek. Senideak ere baikor dira, eta tripulatzaileak bizirik egoteko itxaropena ez dute galtzen.
ARA San Juan urpeko ontzia urriaren 31an abiatu zen Ushuaiatik Mar del Platarako bidean, baina azaroaren 15ean (asteazkena) desagertu zen, barruan 44 tripulante zituela. Ordutik, itsaspekoaren bila ari dira Patagonian, penintsulatik 430 kilometrora, Hego Atlantikoan.
Bilaketa lanak
13 herrialdetako 14 itsasontzi eta 3 hegazkin ari dira bilaketan, eta lan horietan laguntzeko, Sophie Siem ontzi norvegiarra bidean da, bilaketa lanetan arituko den itsaspeko txiki bat berarekin daramala.
Datozen egunotan, Errusiatik punta puntako teknologia daraman beste ontzi bat ere iritsiko da.
74 kilometroko inguruan eta 600 metroko sakoneran egingo dituzte bilaketak.