Ekonomia -
Iruzkina
Ez da Maiatzaren 68 (oraingoz behintzat)
Helburuak ezberdinak dira, baina egia da mobilizazio maila egun horietakoen antzekoak izaten hasi direla.
Jesus Torquemada
Frantzian, ikaslez lagundutako langileen protestak dauden bakoitzean, azkar agertzen dira Maiatzaren 68arekin konparazioak. Baina bestelako kontua izan zen hura. Bertan, Gobernua kentzea zen helburua, mundua aldatzea eta gizarte berri bat eratzea. Orain, eta oraingoz behintzat, pentsioen erreformaz bakarrik mintzatu dira.
Baina bai, egia da gizartearen mobilizazio-maila maiatzaren 68an ezagututakoaren antzerakoa dela. Sektore estrategiko ugari greban daude, gero eta eskola gehiagok ateak itxi dituzte eta ikasleak hasi dira dagoeneko poliziekin borrokan.
Tentsioak gora egin lezake etorkinak bizi diren auzo problematikoek istiluetan parte hartuko balute. Baina badirudi afrikarrek eta magrebiarrek, zurien arazoak direlakoan, ez dutela gatazketan sartzeko asmorik.
Gobernuak bere horretan jarraituko duela esan du. Ez duela atzera egingo. Sarkozy, bere aldetik, irudi gogorra agertzen saiatu da.
Sindikatuek badakite protagonismo handia lortu dutela, eta bien arteko norgehiagokak, dagoeneko, badu datarik: ostegunean izango da, senatu frantziarrak pentsioen erreforma onestearekin batera.