Mundua -
Alerta
Bali, errauts hodei, ur-lurrinezko zutabe eta sismoen artean
Errautsak 22 herritan eragin du jada eta hego-mendebalderantz abiatu da. Atzo, 60.000 bidaiariren hegaldietan izan zuen eragina alertak; gaur ere itxita egongo da aireportua.
agentziak
Bali Indonesiako uhartea 1963az geroztik errepikatu ez den egoeran da berriz. Orduan, Agung sumendiak urtebete inguru eman zuen erupzioan eta 1.100 pertsona hil zituen.
Oraingo honetan, ez dago hildakorik, baina sumendiaren jarduerak herrialdea geldiarazi eta milaka eta milaka pertsonak ihes egitea eragin du, eta are gehiago izatea espero da.
Ngurah Rai Baliko nazioarteko aireportua gaur ere itxita egongo da (bigarren eguna) alerta dela eta.
"Baliko itxialdia luzatu egingo da bihar, asteazkena, arte (…) Aireportuko agintariek azterketak egiten jarraitzen dute", esan du Sutopo Purwo Nugroho Hondamendiak Kudeatzeko Agentzia Nazionalaren informazio zuzendariak, ohar batean.
Mount #Agung #volcano eruptions captured from space in GeoColor by Himawari-8 satellite, >100,000 people evacuated. More satellite imagery: https://t.co/oVYhIsjXNx #Bali #Indonesia pic.twitter.com/cMPIZLcibo
— NOAA Satellites (@NOAASatellites) 27 de noviembre de 2017
Nugrohoren esanetan, Agungek erupzioan jarraitzen du eta errauts hodeiak eragiten ditu kraterraren gainetik 2.500 eta 3.000 metro artean igota, baita ur-lurrinezko zutabeak ere. Horrez gain, mugimendu sismiko ugari daude.
Bozeramaleak azaldu duenez, erupzio handiagoak izateko arriskua "gora egiten ari da", Sumendi eta Geologia Arriskua Arintzeko Zentroak atzo alerta mailarik handiena ezarri ostean, baina azpimarratu du ezinezkoa dela intentsitatea aurreikustea.
Errauts hodeiek sumenditik gertu dauden 22 herriri eragin die dagoeneko, eta hego-mendebalderantz abiatu da, Cempaka zikloi tropikalaren presio baxuek erakarrita, Java irlatik gertu.
Baliko aireportuak nazioarteko eta nazio barruko 445 hegaldi bertan behera utzi zituen, horrek 59.000 bidaiariri eragin zien. Sumendiaren errautsa hegazkinen motorretan sartzeko arriskua dago eta, horrela, istripu bat eragin dezakeelako.
Ebakuatu dituzten herritar batzuk, harrera zentro batean. Argazkia: EFE
Indonesiako agintariek atzo 90.000 eta 100.000 herritarrak ebakuatu behar izango dituztela adierazi zuten, hain zuzen, Agung sumenditik 10 km-ko itzulinguruan bizi direnak. Halere, horietako batzuek uko egin diote etxetik alde egiteari.
Bali Indonesiako helmuga turistiko nagusia da; urtean 5,4 milioi inguru joaten dira, datu ofizialen arabera.
Artxipelago indonesiarra "Su Eraztunean" kokatzen da, Ozeano Barean, mugimendu sismiko eta sumendi kopuru handiko leku batean. Tamaina gutxiko milaka dardara zenbatzen dituzte urtean.
Argazkia: EFE