Mundua -

Kenya

Kenyattaren zin-egitea, esperantza edo partxea?

Gatazkan hildakoak omendu nahi zituzten, eta polizia oldartu zaizkie. Hori da 5 urteko mandatuaren lehengo egunak eman duena, oposizioa isilarazi eta aurrera begira zuzendu eta aldarazteko saiakera.

Argazkia: Oskar Epelde
Argazkia: Oskar Epelde

Oskar Epelde | Nairobi

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroaren 28 honetan Kenyako komunikabideen agendan gaiak sartzeko duten indarrarekin borrokatzen ari dira arerioak, eta bakoitzak berea bakarrik ikusiko balu bezala. Gatazkaren irudi diren istiluek toki gutxi dute edo bat ere ez egunean zehar behintzat. Agerian da Uhuru Kenyatta eta William Rudok etxeko-lan ugari egin eta gero esnatu direla gaurko garaipen egun honetan. Egunaren kontaketa luze eta oparoa eskaini dute hamaika eduki berri ekarriz ospakizunaren inguruan eta zin-egitearen ondoren bota dituzten diskurtsoekin. Batasuna, bakea eta aurrerabidea ikusten du Kenyattak datozen urteotan, eta bere buruarekin hitz egiten ari zela ematen zuen batzuetan, nahiz eta Afrikako estatu-buru, gonbidatu berezi eta abarren bidez adierazi duen botere sinboliko guztia.

Zatiketaren beste aldean oposizioak ez du gobernua aurrezagutzen. Urriaren 26an berriz egin ziren hauteskundeak boikotatzea erabaki zuen eta hain zuzen, hautesleen gehiengo zabalak parte ez hartzearen hautua egin zuen. Raila Odinga oposizio buruak Jendearen Errepublikako presidente bezala zin egin behar zuen gaur eta ez du egin kartzelan sartuko zutelako. Baina zein neurritaraino izango dira Raila Odinga eta Nasa (oposizioaren koalizioa) jendartea Kenyatta eta Rudorekin borrokan engaiatzeko? Horixe niretzat faktore ezezagunena, ezjakintasunagatik edo, eta etorkizunera begira eraginkorra izan liteke, esperantza bada.

Oposizioak epe luzerako borroka programatu du. Erreformak eta hauteskundeak egin behar omen dira lehenik eta behin, eta hori bultzatzeko, Jendearen Biltzarrak sortu nahi ditu eskualdeka herriaren subiranotasuna zuzenean egikaritu nahian, Kenyattaren Gobernuari bizkarra emanez jakina. Baina duela bi aste estatu-boterearekin nahastutako 3 enpresen kontrako boikota ere aldarrikatu zuen eta ez dakit ba eraginkortasunik izaten ari den.

Aldi berean, susmatzekoa da Raila Odingak arrazoia duela Kenyatta eta Rudo bikoteak botere gehiago eskuratzen saiatuko direla esaten duenean. Beti ere legez egin dezakete legebiltzarrean duten gehiengoari esker baina askatasunak eta demokrazia zorrozten jarraituko dutela ematen du, aurtengo hauteskunde urtean bizi izan duten krisi gordinaren ondoren.

Uhuru Kenyattaren bigarren eta azken agintaldia izango dela ere errepikatzen da gaur, nahiz eta itaundua dute bikotearen barruan 2022an William Rudo izango dela presidente hautagaia. Kenyattaren azken mandatua dela esaten da nonbait errekonozimendu baten bila, bere programan dituen helburu zehatzak betetzeko aukera eman zitzaion eta jakina ezkutuan, oposizioarekin duen borrokaren gaia ezabatzeko. Ugandako presidenteak Yoweri Musevenik ere halaxe esan du estadio aurrean hitz egitea tokatu zaionean, lehenengo gauza bakea dela, bigarrena goraldia, eta azkena edo behintzat laugarrena, politika. Uhuru Kenyatta ere antzeko gauzak esaten ari da azken aldian ispiluaren aurrean. Baina Euskal Herrian ondo dakigu hori zergatik esan ohi den. Oposizioak hauteskunde gatazkan hildako biktimen omenez herri hileta egin nahi zuen gaur Nairobiko beste puntan baina debekatua izan da. Poliziak ez die elkarretaratzea egiten utzi, berehala kolpeka hasi zaizkie eta hori da 5 urteko mandatuaren lehengo egunak eman duena, oposizioa isilarazi eta aurrera begira zuzendu eta aldarazteko saiakera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Politika Nazioartea Analisiak Oskar Epelde azken ordukoa