Mundua -
Iruzkina
Frantziak ez du zigorrik jasoko ijitoen kanporatzeagatik
Viviane Reding, Justizia Komisarioak, esan du Gobernu frantziarrak egutegi sinesgarria garaiz aurkeztu duela eta hori izan dela espedientea ixtearen arrazoia.
Jesus Torquemada
Europar Batasunak ez du Frantzia zigortuko ijitoen kanporatzeengatik. Europako komisioak espedientea artxibatzea erabaki du, Frantziak eskatutakoa bete duelako, alegia, egutegi bat aurkeztu duelako pertsonen zirkulazio libre egokia ahalbidetzeko.
Izan ere, Europako Batzordearen iritziz, orain arte Frantziak gaiari eman dion aplikazioa ez baita behar zuena izan. Viviane Reding, Justizia Komisarioak, esan du Gobernu frantziarrak egutegi sinesgarria garaiz aurkeztu duela eta hori izan dela espedientea ixtearen arrazoia.
Reding bera izan zen udan, hautsak harrotu zituena... Frantzian, ijito errumaniarren kanporatzeek II. Mundu Gerran izandako deportazioekin antzekotasunak zituela esanez. Istilu politiko itzela eragin zuten adierazpenek eta Frantzia, hitzarmen europearrak urratzeagatik, Justizia Auzitegiaren aurrean salatua izateko zorian egon zen.
Baina azkenean, Batzordea ez zen ausartu eta irregulartasun administratiboekin justifikatuta espedientea ireki zuen; oraingoan itxita geratu den espedientea hain zuzen. Sarkozy presidente frantziarrak, gai honetan, Europako Batzordea garaitu duela esan daiteke.