Mundua -
Frantzia
Nazionalistek irabazi dute Korsikako hauteskundeen lehen itzulia
Pe a Corsica alderdiak botoen % 45 eskuratu ditu. Eskuin erregionalista izan da bigarren indar, alde nabarmenarekin (ia % 15).
Agentziak | Erredakzioa
Pe a Corsica (Korsikaren alde) koalizio nazionalista gailendu da Korsikako eskualde hauteskundeetan, botoen % 45,36 jasota, emaitza ofizial eta behin betikoen arabera. Lehen itzulia egin zuten atzo, eta abenduaren 10ean egingo dute bigarrena. Datorren igandean zer gerta ere, litekeena da koalizioak gehiengo zabala izatea Korsikako Asanblean.
"Emaitza erabateko tsunami demokratikoa da, eta 2015eko abenduan nazionalistek lortutako garaipena baieztatzera eta handitzera dator", nabarmendu du Gilles Simeoni buruzagi nazionalistak. Duela bi urte botoen % 35,34 lortu zituen koalizioak bigarren itzulian.
Jean-Guy Talamoni koalizioko kideak datorren igandean berriro euren alde egiteko deia egin die korsikarrei. "Helburua legitimotasuna izatea da, gai gako batzuen inguruan negoziatzeko: gure hizkuntzaren koofizialtasuna, egoiliarren estatusa edota amnistia", azaldu du Talamonik.
Alde nabarmenera, botoen % 14,97rekin, Jean-Martin Mondoloni buru duen koalizio eskuin erregionalista geratu da. Horien ostean, Valerie Bozziren Errepublikanoak (% 12,77) eta Eliseoarekin lerrokatuta dagoen Jean-Charles Orsucciren Errepublika Martxan (% 11,26) geratu dira.
U Rinnovu alderdi independentistak botoen % 6,69 eskuratu ditu, eta Frantzia Intsumisoak eta Alderdi Komunistak osatutako koalizioak, berriz, % 5,68.
Parte-hartzea % 52,17koa izan da, 2015ekoa baino zazpi puntu txikiagoa. Dena dela, Korsikako parte-hartzea Frantziako Estatuko hitzorduetakoa baino handiagoa izan ohi da beti.