Mundua -
Iruzkina
Europak baldintzak jarri dizkie Serbiari eta Kubari
Serbiak gerrako hiltzaileak atxilotu beharko ditu, eta Kubarekin 1996ko "jarrera bateratua"ri eutsiko diote.
Jesus Torquemada
Europar Batasuneko Atzerri ministroek nabarmentzeko bi erabaki hartu zituzten atzo. Lehena, Europar Batasunean Serbiaren sarrera prozesuarekin aurrera egitea. Eta bigarrena, Kubarekiko harremanak nola hobetu ikertzea.
Serbiaren kasuan, ministroek Europako Batzordeari Serbiaren hautagaitzaren inguruko txosten bat lantzeko eta gobernuburuen bilerari aurkezteko eskatzen diote.
Europar Batasunean Serbiaren sarrerarantz pausu bat da hori, baina baldintza nagusiak bere horretan dirau: Serbiak atxilotu ditzala aske dauden gerrako hiltzaile serbiarrak, bereziki Ratko Mladic. Atxiloketa horiek gabe, Batasunerako ateak itxita izango ditu Serbiak.
Kubari dagokionean, hartutako erabakiak Catherin Ashtoni, Kanpo Politikaren goi-ordezkariari, Kubako agintariekin kontaktuan ipin dadin eskatzean datza. Baina, oraingoan ere, bada baldintzarik: momentuz, Europar Batasunak Kubarekiko duen "jarrera bateratua" mantendu behar du, 1996an ezarritakoa.
Alegia, kontua da erregimen kastristak demokraziarantz pausuak ematen baditu baino ez direla hobetuko Europar Batasunaren eta Kubaren arteko harremanak.
Kubako gobernuak ez du sekula ondo iritzi "jarrera bateratu" hori. Eta badirudi Kubak ez duela inongo presa edo interesik Europako eskariak betetzeko.