Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
AEBko Ordezkarien Ganberak azken 30 urteotako zerga-erreformarik handiena onartu du
Senatuak ere onartu du, eta testua Ordezkarien Ganberara pasatuko da berriro. Donald Trumpek bultzatu du, eta horren alderdiak gehiengoa du bi ganberetan.
Agentziak | Erredakzioa
Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberak (Alderdi Errepublikanoak du gehiengoa bertan) Donald Trump presidenteak bultzatutako zerga-erreformaren aldeko botoa eman du; hortaz, herrialdean azken 30 urteotan egindako erreforma fiskalik handiena onartu dute. Senatuak ere onartu du, eta testua Ordezkarien Ganberara igaroko da berriro. Hala ere, erreformaren behin betiko onespena ordu batzuk luzatuko da Ordezkarien Ganberako bozketa baliorik gabe gelditu delako teknizismo batzuen ondorioz.
Ordezkarien Ganberan, zerga-erreformak aldeko 277 boto jaso ditu (errepublikanoenak), eta aurkako 203; horietako 191 demokratenak dira, eta 12, kontserbadoreenak.
Senatuak ere onartu du, aldeko 51 botorekin (errepublikanoenak) eta kontrako 48rekin (demokratenak).
Gaur bertan bidaliko dute erabakia Senatura; izan ere, bertan onartu behar dute lege-proiektua. Senatariek oniritzia eman ondoren, Etxe Zurira iritsiko da, eta presidenteak izenpetu beharko du.
Donald Trump presidenteak asteartean bertan sinatzea nahi zuten errepublikanoek, baina Senatuko eztabaida hasita zegoenean demokratek akats teknikoak antzeman dituzte Behe Ganberak onartutako testuan. Hori dela eta, asteazken goizean beste bozketa bat egin beharko dute Ordezkarien Ganberan.
Aurreikuspenak betez gero, Trump presidenteak gaur bertan berretsiko du proiektua. Zerga-erreforma orain urtebete Etxe Zurira iritsi zenetik lortu duen legegintzako lehen arrakasta da.
Enpresentzat eta erdi eta goi mailako etxeentzat, zerga-murrizketa
Proiektuaren azken bertsioa indarrean jartzen dutenean, enpresek eta erdi eta goi mailako etxeek zerga txikiagoak ordaindu beharko dituzte.
Sozietate-zerga murriztuko da; egun, % 35ekoa da, eta % 21eraino jaitsiko dute. Enpresa txikien jabeek, elkarte edo banakako enpresen jabeek, % 20ko kenkaria izango dute.
Horrez gain, banakako errentaren gaineko zergei dagokienez, zazpi tarte zehazten ditu; % 10, % 12, % 22, %24, % 32, % 35 eta % 37koak. Gehienezko zerga, diru-sarrerarik handienak dituztenentzat, % 39,6koa da egun, baina % 37ra jaitsiko da.
Atzerrian sortutako etekinen gaineko zerga bat ere zehazten du erreformak; hain zuzen, % 14rainokoa izango da. Gobernuaren asmoa da enpresek atzerrian dituzten filialen ia 2 bilioi dolar Ameriketako Estatu Batuetara eramatea.
Gainera, Barack Obamak 2010ean martxan jarritako osasun-erreformaren gakoetako bat indargabetu du; orain arte, Obamaren erabakia tarteko, estatubatuarrek aseguru medikoa izan behar zuten, halabeharrez, isunik ordaindu nahi ez bazuten.