Mundua -
Mindanao uhartea
Dagoeneko 200 pertsona hil dira Filipinetako hegoaldean, 'Tembin' ekaitzaren ondorioz
Gainera, 81 pertsona inguru desagertu dira Mindanao ipar-mendebaldean. Ekaitz tropikala Palawan uhartera hurbiltzen ari da, eta 80 kilometro orduko haizeteak eragin ditzake.
Agentziak | Erredakzioa
Dagoeneko 200 pertsona hil dira Filipinetako hegoaldean, 'Tembin' ekaitzaren ondorioz, tokiko agintariek jakitera eman dutenez. Larunbat goiz honetan haizeteak, luiziak eta uholdeak eragin ditu ekaitz tropikal horrek Mindanao uhartean.
Filipinetako hedabideek azaldu dutenez, biktima gehienak Mindanao ipar-mendebaldean izan dira. Zehazki, 62 pertsona hil dira Ipar Lanao probintzian; 18 pertsona Hego Lanaon eta beste 46 Ipar Zamboanga eskualdean.
Gainera, ehunka pertsona desagertu dira Mindanao ipar-mendebaldean. Une honetan, 'Tembin' ekaitza Palawan uhartera hurbiltzen ari da, eta agintariek alerta maila igotzea erabaki dute.
Erreskate lanak oso dira zailak, besteak beste argindarra eta bide asko moztuta daudelako.
Ekaitz tropikal horrek kalte material handiak utzi ditu Cagayan de Oro edota Davao bezalako herrixketan. Zenbait tokitan luiziak izan dira, eta harri potoloek etxe asko estali dituzte.
Polizia eta erreskate taldeak desagertuta jarraitzen duten pertsonen bila ari dira, baina bide asko moztuta daudenez erreskate lanak oso zailak izaten ari dira. Sorospen zerbitzuko kideek txalupak erabili behar izan dituzte etxeetako teilatura igo diren pertsonak erreskatatzeko.
Iragarpenaren arabera, Palawan uhartean 80 kilometro orduko haizeteak eragin ditzake ekaitz horrek, eta euri-jasa handiak espero dira inguruan.