Mundua -
Alerta egoeran
AEB: 'Al Kaidaren ukitua dute bidalitako bonbek'
Barne Segurtasuneko idazkariaren esanetan, 2009ko abenduaren 25an huts egindako Detroiteko atentatuan erabilitako lehergailu bera zen.
Erredakzioa
Yemenetik Ameriketako Estatu Batuetara bidalitako bonbek Al Kaidaren edo Arabiako penintsulako bere filiaren ''ukitua'' dute, jakinarazi du Janet Napolitano Barne Segurtasuneko idazkariak.
Napolitanoren hitzetan, "ikerketa abian da. Sistema probatu nahi duten etsaiak ditugu eta, bien bitartean, arazoa konpontzeko sorburuaren bila jarraitzen dugu".
Barne Segurtasuneko idazkariak baieztatu duenez, 2009ko abenduaren 25an huts egindako Detroiteko atentatuan erabilitako lehergailu bera zen, pentaeritritoleko trinitatoa (PETN). Orduan, Nigeriako herritar batek lehergailu hori bere barruko arropa artean ezkutatuta zeraman.
Horrez gain, ostiralean atzemandako paketeez gain, gehiagorik bidali dituzten ikertzen ari direla esan du. Horren arabera, oraindik ez dute argitu paketeak hegaldian lehertzeko prest zeuden edo Chicagoko judutarren zentroetara heltzean zartaraziko zituzten.
Bestalde, Napolitanok ez du esan zelan izan duten atentatu horren berri, hots, Saudi Arabiak emandako informazioari esker edota euren inteligentzia zerbitzuen txostenak zituzten.