Mundua -

Irak

52 lagun hil dira bahituak askatzeko operazio batean, Bagdaden

Irakeko hiriburuko erdigunean dagoen eliza batean gertatu da tiroketa. Poliziaren eta matxinoen arteko liskarretan izan dira biktimak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 52 lagun hil dira -gehienak emakumeak eta haurrak- eta ia 60 zauritu armak zeramatzatzen gizon talde batek bahitutako herritarrak askatzeko operazio batean, Bagdad erdiguneko eliza batean, Irakeko polizia-iturriek jakitera eman dutenez.

Aipatu iturriek azaldu dutenez, terrorismoaren kontrako Poliziaren eta matxinoen arteko tiroketan izan dira biktimak, Sayid An Naya elizan, bart.

Eliza horretan, mezatara joandako 120ren bat lagun bahitu zituen bart ustez Al Kaidarekin zer ikusia duen talde batek. Lekuko batek dioenez, sartu orduko apaiza hil omen zuten eta eliza barruko gela batera eraman omen zituzten eliztarrak.

Tenplua inguratu ondoren, Irakeko poliziak barrura sartu ziren, gatibu zeudenak askatu nahian. Lekukoen esanetan, orduan bahitzaileek hiru granada jaurti eta soinean zeramatzaten lehergailuak zartarazi zituzten.

Defentsa ministroak guztiz ontzat jo duen operazio horretan gutxienez 52 lagun hil dira eta 67 zauritu, sei erasotzaileak zenbatu gabe.

Baina, elizari eraso egin aurretik parean dagoen Bagdadeko burtsaren egoitzari ere eraso zioten, besteak beste bonba autoa zartaraziz. Han sei lagun hil ziren.

Gerra aurretik milioi t’erdi kristau zeuden Iraken. Horietako askok ihes egin dute, muturreko talde islamiarren beldurrez. Benedikto XVI.a Aita Santuak gogor salatu du Bagdaden gertatutakoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea