Mundua -
Lularen 'laguna'
Dilma Roussefferen biografia
Enpresaburu bulgariar baten eta irakasle brasildar baten alaba, duela 62 urte sortu zen Bello Horizonten.
Erredakzioa
Marxismoaren ideologiaren jarraitzailea, Langileen Alderdiko kideak bi urte eman zituen espetxean eta torturak ere pairatu zituen Brasilgo diktadura militarraren aurka borrokatzen ziren mugimenduetako kidea izateagatik.
Eskubide zibilak galdu eta Gobernuak jazarri zituen herritarren aministia eskuratzeko borrokatu zen erregimeneko azken urteetan, Alderdi Laborista Demokratan parte hartuta. Hain justu, demokrazia ezartzeko Brasilgo egungo historiako herritarren mugimendu handiena bultzatu zuen.
Iragan borrokalari iraultzaile horrek kritika andana ekarri dizkio Rousseffi. Gobernuaren barruan ibilbide oparoa egin ondoren lortu du agintea. Ekonomia ikasketak burututa, Meatze eta Energia idazkaritzak hartu zituen.
2003an, Lula da Silvaren gobernupean, Energia Ministerioaz arduratu zen eta bi urte geroago, berriz, Gobernuko Kabineteko buruzagitza hartu zuen.
Saneamendu, etxebizitza, garraio, energia eta baliabide hidrikoen azpiegiturak indartzeko inbertsio plan handia sustatu zuen. Petroberas Estatuko petrolio enpresako Administrazio Kontseiluko buru zela, Brasilen petrolio ekoizpenean beste herrialdeen laguntzarik ez izatea ahalbidetu zuen.
2009an linfa-minbizia diagnostikatu zioten, baina ebakuntzaren ondoren ibilbide politikoari heldu zion berriro. Presidentetzarako ondorengotza prest zegoela iritzi zion Lulak orduan eta urte horretako apirilean Gobernuko Kabineteko presidentetza utzi zuen Dilmak.
Urtarrilaren 1ean hartuko du Dilmak Brasilgo gidaritza; Hego Amerikan demokratikoki boterea eskuratzen duen hirugarren emakumea (Michelle Bachelete txiletarraren eta Cristina Fernandez argentinarraren ondotik) eta Brasilgo lehen emakume presidentea izango da.