Mundua -
ZAZPIGARREN URTEURRENA
Istiluak Tunisian, Gobernuaren austeritate neurrien eta ustelkeriaren aurka
Azken egunotako mobilizazioetan, gutxienez pertsona bat hil da eta 800dik gora atxilotu dituzte. Ben Ali diktadorea kargutik kendu zuen herri altxamendua gogoratu dute.
EITB.EUS
Tunisian, Ben Ali diktadorea kargutik kendu zuen herri altxamenduaren zazpigarren urteurrena gogoratu dute igande honetan herritarrek. 2011ko urtarrilaren 14an Tunisian piztu zen su txiki horretatik etorri zen geroago udaberri arabiarra deiturikoa.
Azken egunotan, milaka tunisiar atera dira kalera, Gobernuaren austeritate neurrien eta ustelkeriaren kontra protesta egiteko.
Gobernuak onartutako Aurrekontu Legearen kontrako protestetan, pertsona bat hil eta ehunka zauritu dira eta 800dik gora atxilotu dituzte —ekintzaileak eta kazetariak tartean—. Giza eskubideen aldeko hainbat erakundek salatu dutenez, Gobernuak beldurra eragiteko kanpaina abiatu du.
Konfrontazio giro horren baitan eta protestak isiltzeko asmoz, behar gehien duten familiei laguntzeko diru partida handituko duela iragarri zuen Gobernuak larunbatean. 120.000 familiari egingo omen die mesede planak.
Hala ere, sindikatuek eta oposizioko alderdiek hitz hutsak direla salatu dute.