Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Meteorito bat jausi da Detroiten (AEB) eta lurrikara txikia eragin du
Ez da inor zauritu. Meteoritoa hiriaren kanpoaldean erori da, Michiganen 20:09 zirenean.
Agentziak | Erredakzioa
AEBko Zerbitzu Geologikoak (USGS, ingelesezko sigletan) baieztatu duenez, meteorito bat jausi da gaur Detroit hiriaren kanpoaldean (Michigan, Ameriketako Estatu Batuak). Erorketak lurrikara txikia (Richter eskalan 2ko maila) eragin du.
Meteoritoa Michiganen 20:09 zirenean erori da (02:09, Euskal Herrian).
USGSren esanetan, meteoritoa "ikusi eta entzun" ahal izan dute askok, Detroit inguruan. Zehazki, New Haven herritik zortzi bat kilometrora jausi da. Bertatik gertu daude St. Clair lakua eta Kanadako muga.
Erakundeak albistea baieztatu baino lehen, ehunka izan dira gertakariaren berri sare sozialetan eman duten bizilagunak. Bideoetan, argi bizi bat ikus daiteke, eta leherketa entzuten da ondoren.
Grabazioetan ageri diren "distira eta zarata" tximista edo trumoi batek sortutakoak ez direla esan du AEBko Meteorologia Zerbitzuak (NWS, ingelesezko sigletan) eta meteoritoa izan litekeela aipatu du.