Mundua -
Yemenetik bidali zuten
JFK aireportuaren terminal bat hustu dute, pakete susmagarri bategatik
Joan den astean, Yemenetik iritsitako bi pakete-bonba atzeman zituzten AEBetan.
Erredakzioa
JFK New Yorkeko nazioarteko aireportuaren terminal bat hustu egin behar izan dute bart, Yemenetik igorritako pakete susmagarri bat dela eta.
NBC telebista-katearen arabera, paketea DHL enpresaren bitartez iritsi da, Emirates Airlines airelinearen hegazkin batean. Joan den astean, AEBetako Aire Armadak eskolta eman behar izan zion konpainia horren hegazkin bati, antzeko mehatxu bat tarteko.
Egun horietan, bi pakete bonba atzeman zituzten AEBetan. Bi kasuetan, paketeak Yemenetik bidali zituzten, UPS enpresaren bidez, Chicagoko bi sinagoga helburu.
NBCk aipatutako iturriek azaldu dutenez, astelehenean agintariek Yemenetik iritsitako 14 pakete aztertu zituzten, eta oniritzia eman zioten banaketari. Bart, baina, mugazainek alerta piztu dute pakete horietako bat berriz aztertu eta gero.
Garraio Segurtasuneko Agentzia estatubatuarrak (TSA) jatorria Yemenen duten pakete guztiak ikertzea erabaki zuen joan den astean. Halaber, hainbat enpresak (tartean UPS, FedEx eta DHL) herrialde horrekin lan egiteari utzi diote, behin-behinean.