Mundua -

2010ean

Krimen antolatuak 10.000 hildako baino gehiago utzi ditu Mexikon

Mexikoko 32 estatuetatik indarkeriak gehien kolpatu duena Chihuahua izan da, 2.797 hildakorekin. Tlaxcalan, ostera, biktima bakarra izan dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Krimen antolatuak 10.035 hildako utzi ditu Mexikon aurten, horien artean 52 soldadu eta 637 polizia, Reforma egunkariak gaur argitaratu duenez. Felipe Calderonen agintaldian urtebetean izan den biktima kopururik handiena da.

Mexikoko presidentea 2006ko abenduaren 1ean heldu zen boterera eta kartelen aurkako borroka bere politikaren lehentasuna bihurtu zuen. Armada borroka horren lehen lerroan ezarri zuen presidenteak.

Mexikoko 32 estatuetatik indarkeriak gehien kolpatu duena Chihuahua izan da, 2.797 hildakorekin (% 27,8). Ondoren zerrendan Sinaloa 1.795 (% 17,8) hildakorekin, Guerrero 786 (% 7,8), Durango 700 (% 6,9), Tamauliopas 653 (% 6,5) eta Nuevo Leon 524 (% 5,2) agertzen dira.

Tlaxcalan, ostera, biktima bakarra izan dute, Campechen bi eta Hego Kalifornia Beherean sei.

Hildakoen artean 279 adingabeak ziren, % 92,6 gizonezkoak eta % 6,4 emakumezkoak, egunkariak azaldu duenez.

2009an 6.587 hildako izan zirela gogorarazi du Reforma egunkariak, 2008an 5.207, 2.275 2007an eta 2006ko abenduan 93 biktima, Calderon presidentearen lehen hilabetea boterean (PAN alderdi kontserbadorekoa).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea