Mundua -

ESTATU BATUAK

Ameriketako Estatu Batuek 'une berri bat' bizi dutela aldarrikatu du Trumpek

Batasunaren egoerari buruzko hitzaldian, azken urtean bi milioi lanpostu baino gehiago sortu direla esan du. Halaber, harresia eraikitzearen truke ia bi milioi etorkinen egoera legeztatu nahi du.

Donald Trump, Batasunaren egoerari buruzko hitzaldian. Argazkia: EFE
Donald Trump, Batasunaren egoerari buruzko hitzaldian. Argazkia: EFE
Donald Trump, Batasunaren egoerari buruzko hitzaldian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuek "une berri bat" bizi dutela aldarrikatu du Donald Trump AEBko presidenteak Kongresuan, batasunaren egoerari buruzko bere lehen hitzaldian. Trumpen mintzaldiko bi ardatz nagusiak hauek izan dira: bere agintaldiko lorpen ekonomikoak eta immigrazio plana. Ekonomiari dagokionez, azken urtean bi milioi lanpostu baino gehiago sortu direla azpimarratu du. Immigrazio alorrean, ostera, Mexikoren mugan harresia eraikitzearen truke 1,8 milioi pertsonaren egoera legeztatu nahi duela adierazi du.

"Hau da gure momentu amerikarra. Ez da amets amerikarra bizitzen hasteko hau baino une egokiagorik", esan du.

Ordubete eta hogei minutuko iraupena izan duen hitzaldian, tonu serio eta baikorra erabili du.

Lehen esan bezala, ekonomia izan da bere mintzaldiaren ardatzetako bat eta bera Etxe Zurira iritsi zenetik burtsan errekorrak hautsi dituztela, enplegu betetik gertuko datuak lortu dituztela eta zerga erreforma onartu dutela nabarmendu du. Trumpen esanetan, bi milioi lanpostu baino gehiago sortu dira azken urtean, eta soldatek, gainera, gora egin dute.

Trumpek eskua luzatu die demokratei migrazio erreforma berria onartzeko. Lau zutabetan banatu du immigrazio egitasmoa eta, besteak beste, Mexikoren mugan harresia eraikitzearen truke 1,8 milioi etorkinen egoera legeztatu nahi duela azaldu du.

Bestalde, Trumpek ez du hitz bakar bat ere egin 2016ko hauteskundeetan errusiarrek ustez izan zuten esku-hartzearen harira zabaldutako ikerketei buruz. Izan ere, bere kanpainan parte hartu zuten hainbat kide ikertzen ari dira.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Donald Trump albisteak Mexiko Trump hesia