Mundua -
Martxa nazionalista
Autonomia handiagoa eskatu dute milaka lagunek Korsikan
Hiru egun barru, hain zuzen, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak lehenengo bisita ofiziala egingo du Korsikan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Milaka lagun manifestatu dira larunbat honetan Ajaccion, Korsikako hiriburuan, autonomia handiagoren eske, agintari nazionalistek deitutako deialdiarekin bat eginda. 'Demokrazia eta errespetua korsikar herriarentzat' lelopean egin dute martxa, eta Korsikako banderak eraman dituzte ibilbideak zehar.
Gilles Simeoni Korsikako eskualde-presidenteak deitu zuen manifestazioa joan den urtarrilaren 23ean, Frantziako Gobernuaren aurka protesta egiteko asmoz, "Korsikako auziaren ikuspuntu politikoa" aintzat ez hartzea leporatzen baitiote. Hiru egun barru, hain zuzen, iazko maiatzean Frantziako Presidentetzara heldu zenetik, lehenengo bisita ofiziala egingo du Korsikan Emmanuel Macron Frantziako presidenteak.
Antolatzaileek 10.000 lagun bildu nahi izan zituzten, zenbaki horrek deialdiaren arrakasta iragarriko zuelakoan. Korsikako oposizioaren aburuz, ostera, martxaren deialdia presazkoa izan da, eta uste dute onena litzatekeela behintzat Macronen bisitak eragindako emaitzak ikusi arte itxarotea.
325.000 biztanle ditu Korsikako uharteak, eta Frantziako batez besteko per capita errentari erreparatuta, Korsikarena txikiagoa da. Gainera, egiturazko garapen-arazoak ditu, eta nazionalistek uste dute autonomia handiago batek arazo horiek konponduko lituzkeela.
Nazionalisteekiko babesa handiagoa da joan den abenduaz geroztik, eskualde-hauteskundeetan Simeoni eta Talamoni buru ziren Pè a Corsica (Korsikaren Alde) koalizioak aise irabazi ostean.