Mundua -
AEB
Rabobank bankua zigortu dute droga-trafikoaren dirua zuritzeagatik
“Ameriketako Estatu Batuei iruzurra egiteko konspirazioa” eta “finantza erakunde baten ikerketa oztopatzea” onartu zituen Rabobankek asteartean.
Agentziak | Erredakzioa
Rabobank Herbehereetako bankuaren AEBko filialak 368,7 milioi dolarreko isuna ordaindu beharko du, Mexikoko narkotrafikoaren dirua zuritu izana onartu ondoren. Konkretuki, auzian ikuskatzaileen lanari oztopoak jarri izana onartu du bankuak.
“Ameriketako Estatu Batuei iruzurra egiteko konspirazioa” eta “finantza erakunde baten ikerketa oztopatzea” onartu zituen Rabobankek asteartean, AEBko Justizia Departamentuak agiri batean jakitera eman duenez.
Diru zuritzearen aurkako “programa eskasak Mexikoko eta beste toki batzuetako ehunka milioi dolar gordetzea ahalbidetu zuen”, Kaliforniako Imperial konderriko Rabobank banketxeetan, Mexikoko mugan. Gainera, “eskudiruaren arrastoari segitzea ezinezkoa da”.
Ondoren gordailuak “banku bidezko transferentzia, txeke edo transakzioen” bidez lekualdatzen ziren, “beharrezko eta legezko jakinarazpenik gabe”.
Gabeziak ezkutatu eta txikiagotu
Gainera, 2012an ikuskatzaileek ikerketari heldu ziotenean, “Rabobankeko exekutiboak diru-zuritzearen aurkako programaren gabeziak ezkutatzen eta txikitzen saiatu ziren, ikuskatzaileak engainatu nahian”, isunak saihesteko; izan ere, 2006an eta 2008an arrazoi berdinengatik bankuari isunak ezarri zizkioten.
“Rabobankek bere bezeroen transakzioen kopuru handi batean droga-trafikoa, krimena eta diru zuritzearen zantzuak antzeman zituenean, ezikusiarena egitea eta bere programaren gabeziak estaltzea erabaki zuen”, esan du John P. Cronan Justizia Departamentuarem Zigor Dibisioko fiskalburuaren ondokoak.