Mundua -

32 atxilotu

Ikasleek Alderdi Kontserbadorearen egoitza hartu dute Londresen

Liskarretan 32 lagun atxilotu dituzte eta beste 14, horien artean hiru polizia, zauritu dira. Unibertsitateetako murrizketen kontra protesta egin dute gazteek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

David Cameronen Gobernuaren herstura egitasmoen aurkako ikasleen manifestaldi batek Alderdi Kontserbadorearen egoitza hartu du Londresen. Protestetan gutxienez bi polizia zauritu dira.

Ikasleen Sindikatu Nazionalak (NUS) antolatutako manifestaldiak 50.000 lagun gutxi gorabehera bildu ditu. Biko Gobernuaren aurka hilabete hauetan antolatutako protestarik handiena izan da. Izan ere, kontserbadoreez gain, Nick Cleggen Alderdi Liberaldemokrata dago Exekutiboan.

Batez ere unibertsitateei eragiten dieten murrizketengatik protesta egiten dute gazteek. Murrizketen ondorioz, ikasleek 7.000 bat euro ordaindu beharko dituzte urtero ikasketetan. Defizit publikoa murrizteko Gobernuak hezkuntzako aurrekontua % 40 murriztu zuen.

32 atxilotu

Liskarretan 32 lagun atxilotu dituzte eta beste 14, horien artean hiru polizia, zauritu dira, Scotland Yarden arabera.

Atxilotuak polizia-etxera eraman dituzte eta jabego pribatua urratzea eta kalteak eragitea leporatu dizkiete, Poliziak azaldu duenez.

Zaurituak ospitalean artatzen ari dira, baina ez dute zauri larririk, iturrien esanetan.

Manifestaldi baketsua izan behar zuena okertu egin da kontserbadoreen egoitzatik, Milibank Dorretik, dagoen etxe orratzetik pasatzean. Hor, gazte batzuk beheko solairuko kristalak apurtu ostean, horretarako eraikin bertako altzariak erabilita, ehunka manifestari indarka sartu dira instalazioetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea