Mundua -

Mendebaldeko Sahara

Aaiunen 2.000 lagun atxilotu dituztela uste du Fronte Polisarioak

Soldaduak kaleetatik motorretan doazela nabarmendu du, jendearen atzetik joateko. "Ehundaka atxilotu daude, gazteak bereziki".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aaiunen Gdeim Izik kanpamentua desegin ostean 2.000 lagun baino gehiago atxilotu dituztela uste du Fronte Polisarioak. 4.500 zauritu baino gehiago direla erantsi du Polisarioak. Aaiun "setio-egoeran" dagoela azaldu du. Bestalde, Marokok "dozenaka lagun" atxilotuta daudela onartu du.

Era berean, "sarekada masiboen" aurrean beldurra nagusi dela salatu du Fronte Polisarioak.

Garbiketa etnikoa

Fronte Polisarioaren Espainiako ordezkariak salatu du Maroko "garbiketa etnikoa" egiten ari dela Aiaunen. Bere hitzetan, gatazka honetan nazioarteko herriek parte hartzen ez badute, "Saharako herriak baliabide guztiak hartuko ditu kontutan, baita gerra bat hastea ere".

"19 hildako daudela esan digute, baina ez daukagu ospitaletara eta hobi komunetara sartzeko modurik, beraz ez dakigu zenbat hildako dauden", gaineratu du. "Garbiketa etnikoa dago, eta inork ez du parte hartu nahi", kritikatu du. Gatazkan hildako biktima bat espainiarra zen, baina Aaiunen jaiotakoa, Alacanteko Saharako Herria Laguntzeko Koordinadoraren arabera.

Soldaduak kaleetatik motorretan doazela nabarmendu du, jendearen atzetik joateko. "Ehundaka atxilotu daude, gazteak bereziki".

Marokoren ekintzek 1991ko su-etena apurtu egin dutela azaldu du.

Atzo, Polizia marokoarrak kaleetan zehar hilotzak uzten dituela salatu zuten, "herritarrak beldurtzeko asmoarekin".

Marokoko kolonoak Mendebaldeko Saharako hiritarren aurkako "gatazkan" partehartzera bultzatzen ari da Marokoko Gobernua, Fronte Polisarioaren arabera. Hori dela eta, bere iritziz, "datozen orduetan" marokoarren eta sahararren arteko "gerra zibila" hasi daiteke.

Mohamed Uld Salek Atzerri ministro sahararrak esan du auzo batzuetan "lepoa moztutako edo tirokatutako hilotzak" ageri direla, "batzuk haurrenak".

Espainiar bat hildakoen artean

Rabateko Espainiako Enbaxadak Baby Hamadi Buyemaren heriotzaren inguruko informazioa eskatu dio Marokoko Atzerri Ministerioari. "Orain arte eskura dituen datuen arabera", Baby Hamadi Buyemak "Espainia Nortasun Agiri Nazionala zuen", Espainiako Atzerri Ministerioak komunikatu baten bidez adierazi duenez.

Hiru kazetari kanporatuko dituzte

Bestalde, Cadena Ser irratiko hiru kazetari kanporatuko dituztela iragarri dute Marokoko Gobernuko funtzionarioek, "segurtasun nazionalarentzako eta ordenu publikoarentzako arrisku larri bat direlako", Angels Barcelo kazetariak azaldu duenez.

Gobernuak ukatu egin du erasoaren berri zuela

Ramon Jauregi Presidentzia ministroak esan zuen Espainiak "inoiz" ez zuela jakin Marokok Gdaim Izik-eko sahararren protesta-kanpalekua indarrez husteko asmoa zuela. Gainera, Aaiuneko gertakariak "behar den bezala ikertzeko" prozesua abiatzea "lortu" dutela azpimarratu du.

"Albistea faltsua da. Gobernuak inoiz ez du informaziorik izan horren harira, eta horrela, gai hau itxi egin nahi dut", adierazi du Jauregik.Polisarioa: "Espainak sutara ura bota besterik ez du egin"

Amhed Bujari Fronte Polisarioak NBEn duen ordezkariak atsekabea agertu du Espainiako Gobernuak "Marokok piztutako suari ura bota besterik ez" duelako egin.

Sahararren ordezkariaren arabera, Bernard Kouchner Frantziako Atzerri ministroak "Marokok egindakoa ''oso larri''tzat" jo zuen, baina Espainiako diplomaziak ez du horrelakorik egin, "Marokok sahararren kontra piztutako suari ura bota besterik ez du egin".

Abenduan eta urtarrilean bilduko dira

Fronte Polisarioak eta Marokok negoziazio prozesuarekin jarraitzean erabaki dute tentsioa handia den arren. Izan ere, abenduan eta urtarrilean berriro biltzea adostu dute.

Egoera

Bien bitartean, Aaiunen tentsio giroak bere horretan dirau. Fronte Polisarioak jakinarazi duenez, hildako beste zortzi saharar aurkitu dituzte; tartean zazpi urteko haurra. Tiroka, autoak harrapatuta eta lepoa moztuta hil dituzte pertsona helduak. Haurraren kasuan, berriz, ez dago argi zer gertatu den, baina Fronte Polisarioaren arabera, soldadu marokoarrak sahararren etxeetan sartu dira indarrez eta bertan zeudenak jipoitu dituzte. Datu horiek egiaztatzen badira, 19 dira dagoeneko enfrentamenduetan hildako zibilak.

Fronte Polisarioak gaineratu du atxilotutako sahararrak 50 baino gehiago direla dagoeneko eta gerra arriskua inoiz baino handiagoa dela.

Marokok, bere aldetik, asteleheneko istiluetan zortzi polizia hil zirela dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea