Mundua -
Estatu batuak
Armen kontrola areagotzeko eskatu dute hainbat ikaslek Etxe Zuriaren aurrean
Datu base baten bidez aurrekariak dituzten pertsonei armak erostea galarazteko lege bat egitea babestu du Trumpek, armen kontrolerako aurrerapauso txikia emanda.
agentziak | erredakzioa
Dozenaka pertsonak protesta egin dute Etxe Zuriaren aurrean armen kontrola areagotzeko, aurreko asteazkenean Parklandeko (Florida) bigarren hezkuntza eskola batean 17 hildako utzi zituen sarraskiaren ostean. Protestan parte hartu duten gehienak ikasleak izan dira.
Hiru minutuko txandetan egin dute. Ikasleak Pensilvania Etorbidean etzan egin dira, hain justu Etxe Zuriaren aurrean, Nikolas Cruz Floridako atentatua egin zuen gazteak erriflea erosteko behar izan zuen denbora irudikatzeko.
"Mezua bidali nahi diegu politikariei, zerbait egin behar dutela esan, haiek baitira herriaren ahotsa, eta gu gara herria", esan du Eleanor Nuechterlein protestaren antolatzaileetako batek WUSA9 telebista katean.
Floridako tiroketaren ostean, Nuechterlein eta bere lagun batek -Washingtoneko institutu bateko ikasleak dira- talde bat sortu zuten Facebooken, "Nerabeak armen erreformaren alde" deitutakoa, eta manifestazioa antolatzen hasi ziren.
Trump ez zegoen Etxe Zurian une horretan, asteburua eta atzoko eguna (han jaieguna izan da) Mar-a-Lagon duen klub pribatuan igaro baitu.
Halere, presidenteak aurrerapauso txikia eman du armen kontrolerako balizko neurri bat onartzeko: Datu base baten bidez aurrekariak dituzten pertsonei armak erostea galarazteko lege bat egitea babestu du.
Protesta antolatu zuten ikasleek bat egingo dute martxoaren 24an Washingtonen egitekoa den manifestazioarekin, Floridako institutuko ikasleek antolatuta.